"TU Lankide" aldizkariko azaroko alean Hong Kongen jaio eta Fagor Automation-eko bazkide den Chin Pang Ling-ek txikiteoari buruz dio hau oso grisa izan litekeela eta, sozialki gustuko duen arren, alkoholak kalte handia egin diola euskal gizarteari eta askok larregi edaten duela.
Txikiteoa izango da beste gauza bat semeari azaldu beharko diodana adibide errealik erakutsi ezinda, hilzorian delako. Bitxia da. Jose Luis Elkoro handiaren biografian Mikel Zubimendik jasoa du anekdota, tabernaz taberna baxoerdiak edateko −edota edan plantak eginez ezpainekin ukitzeko− ohiturari buruz. Franco hila zelarik Monzon aurreneko aldiz Bergarara autoz ekarri zutenean, Olaso dorreko jauna harriturik geratu omen zen Barrenkaleko gizon multzo ugariez. Horri buruz galdetuta, erantzun zioten txikiteoa zela. «Txikiteoa?». Ez zekien zer zen. Eta Bergara erdian hazi zen mutilak ez baldin bazekien horri buruz ezer, zeina harrizko plaza, eskailera eta arkupeetan jostatzen zen mutikotan, itxura du ohitura gerra ostekoa dela.
Txikiteoa hil hurren bada, zein da poteoaren osasuna? Aspaldian erretiratu antzean nabil parrandatik eta aditzen diet batzuei asko aldatu direla kontuak eta beste batzuei, kontrara, ez dela horrenbesterainokoa: jai bezpera eta egun seinalatuetan poteatzen dela.
Zutik eta uharrien martxan taldean edateari uztea tristea −kontraesana dut hor− litzateke niretzat, baina tristeagoa da botea jartzeko ohitura atzentzea. Hala esan didate eta hala dakart hona. Tristea, botea delako norbera eta norbere lagunak ezagutzeko modu bikain bat, ondasun komunen kudeaketaz zerbait gehiago ikasteko modu interesgarri askoa.
Jan-edan kontuak utzi gabe, gizartea apurtzen ari dela esaten zidan aurrekoan lankide batek, mahai bueltan. Bere herrian goi mailako jatetxeak eta merke-merkeak soilik geratzen omen dira. Klase ertaina delakoaren ilunabarrean, gastronomia herrikoiaren bidea erakutsiko digun Maria Nicolau bat eduki gabe, txartelarekin banan-banan ordaintzen dugularik, izan nahi ez genuen horri egingo diogu topa.