Andoni Lubaki

DAHA, AUSER ERREFUXIATU KANPAMENTUA, DESMINATZAILE BOLONDRESA

Sheddinglight02
Dahabulahi

“Ez dakizu zenbat gozatzen genuen gazte ginela Sahara espainiarrean. Creedence-ak nituen oso gustoko. Beatles eta Rolling Stones-ak ere bai noski. Baina Creedenceak… Buuf! Ze onak ziren eta zenbat momentu on pasa nituen lagunekin. Baina garai horiek joan ziren eta hau pairatzea tokatu zaigu” dio Daha Bulahi-k Smara errefuxiatu kanpamentutik Auserd-eko bere etxera gidatzen duen bitartean. “Marokok inbaditu gintuenean gerrara joatea baino beste biderik ez genuen izan. Nik Sarajevon, minen inguruko kurtsoak egin nituen; nola aktibatu eta desaktibatu, nola bereizi, eta abar. Urtebetez egon nintzen han eta han nengoela ere musika entzuten nuen. Abesti asko ditut gogoko baina ez dakit ze talderenak diren. Gaur egun ordenagailura joan eta edozein kanta berehala entzun dezakegu. Gu gazte ginela ez zegoen hori egiterik. Gogoratzen dut kasete Zahar batean Creedence, Beatles eta beste rock talde batzuk grabatuta nituela eta poltsikoan izaten nuela aukera nuen orotan entzuteko. Gerran hautsi egin zitzaidan eta halere ez nuen bota. Kasete hura konpontzeko esperantza izan nuen urteetan. Bitartean ez nuen apenas musikarik entzun, hemen inguruko irratietan ez baitzuten horrelako musikarik jartzen. Baina halako batean lortu nuen mirariz konpontzea eta zazpi urteren ondoren berriro zinta amaigabe hark barruan zuen altxorra entzun ahal izan nuen. Hura bai gozamena!”

 

Gerra amaitu ostean, Dahak bere esperientziari etekina ateratzen jarraitu nahiean, mina desaktibatzaile bolondres hasi zen. Egoera txarrean zegoen mina txinatar batek eztanda egin zion aurpegian eta begi bat eta esku bateko hatzak galdu zituen. “Hospitalean nengoela ez nuen nire familiak horrela ikustea nahi. Lotsa ematen zidan. Etxera itzultzea gogorra izan zen, umeak ere izutzen nituen. Baina beti izan dut musika adiskide. Oraindik gordeta dut 73an grabatutako eta behin baino gehiagotan izurratu zaidan kasete hura. Apenas du soinurik”.

 

USB batean Creedence diskografia eta beste talde batzuen lana eman diot. Aurpegia aldatu zaio eman diodanean “Diskografia osoa? Mila esker! Erakutsi nola erabili dezakedan, baina jarri mesedez “Hey Tonight!” abestia. Urteak dira ez dudala entzuten.