"Beste batzuekin alderatuz ez nago hain gaizki" dio Elias-ek Sofiako taberna batean eserita. Bertan ostegunero estatu espainiarreko pertsona mordoxka bat biltzen da heuren artean hitzegiteko. Elias ere bertaratu egiten da, gazteleraz hitzegitea gustoko du eta jende mordoxka bat ezagutu omen du horrela. Tabernako nagusiak ere asko lagundu dio errefuxiatu bizitzako baldintza gogorrak pairatzen.
"Sirian nire egoera beste batzuena baino konplikatuagoa zen gerra garaian, ez aldiz lehenago. Kuban ikasi nuen gazteleraz gobernuak emandako beka batzuei esker. Assad-en aurka banengoen ere, Kurdua naiz eta ez dut ahazten nire herria nola tratatu duen, zortea izan dut. Habanako Unibertsitatean irakaslearen laguntzaile egon nintzen, iritsi eta 2 urtetan oso gaztelera maila ona lortu nuelako. Itzultzean horregatik SANA agentzian (Gobernu siriarraren informazio agentzi publikoa) lan egin nuen kazetari bezala eta itzultzaile lanetan ere. Txartel bat duzu agentzi horrentzako lan egiten baduzu eta 2012an ihes egin nuenean asko lagundu zidan tarte batean, baita nire bizia arriskuan jarri beste batean. 2012an Turkiara iristeko 3 bando pasa behar izan nituen eta; siriako gobernuaren armada, Siriako Armada Librea (ingelesez FSA siglez ezagutzen dena eta Assad-en oposizio armatuetako bat, Turkiak lagundua gaur egun) eta Estatu Islamikoa."
Kanpora irten gara Eliasek zigarro bat erretzeko gogoa du eta. "Bizitzan inori on egiten badiozu edo zure bizitza on egitera ohitzen baduzu, momenturen batean bizitzak berak bueltatu egingo dizu; beste pertsona batekin, beste momentu edo situazio batekin. Bizitzan egindako dena itzultzen zaizu."