Andoni Lubaki naizplus bloga

Meskitan guanteak agertu zirenekoa

Mosulhildakoak3
Mosulhildakoak3

Salman Ali Mosul mendebaldeko Al-Tanek auzoko meskitara sartu da. Usai txarra zegoela esan dute bizilagunek eta ea hildakoren bat ote dagoen begiratzera sartu dira. Usteldutako janaria besterik ez dela dirudi. "Askotan esaten digute toki batean hildakoren bat egon litekeela, baina bertara joaten garenean usteldutako janaria edo hildako txakurren bat da. Kiratsa darion etxe horren inguruan bizi den jendeak ez du nahi izaten bertan sartzea. Estatu Islamikoak bonbak jartzen ditu hildakoak dauden geletan edo inguruan eta bertara sartzen zarenean... Boooommm lehertu egiten da" esan du Salman-ek besoak alde batera eta bestera mugituz. 

Meskitara ez da inor sartu aspaldi honetan. Aurreko etxean bizi den agureak hiriaren alde honetan gerra hasi zenetik ez omen dela inor sartu dio. Halere bolondres-ak tentuz dabiltza EI-koak bonbaren bat utzi duen edo ez jakin arte. Armairuetan begiratzen dute, erretako alfonbren azpian. Kuriositate hutsez begiratzen dutela uste dut. Horrelako batean, meskitaren kanpokaldetik atea duen gelaxka batean odol lehorra ageri da, orain dela gutxi odol putzu izandakoa dela uste dugu. Kiratsa dario gelari eta ahoa tapatu dugu denok bertara sartzean. Ez dago hildakorik, baina egon, egon dela badakigu. Bi bala kaskilo ageri dira alde batean eta paretan odol zipriztinak daude. Beste aldean armairu batean gorderik gomazko eskularru batzuk agertu dira, bolondresen poztasunerako.

"Orain errazago eta garbiago atera ahalko ditugu hildakoak. Askotan makilekin tira egin ezkero bitan banatzen dira ustelduta daudelako" esan dit Salman-ek guanteak jarri ostean, lurrean agertutako bi bala kaskiloak erakusten dizkidan bitartean.