Andoni Lubaki

Ninivek ez du hau merezi

Akramburua
Akram-burua

Akram-ek ez dit begiratu ere egin azken gorputza gela hartatik atera dutenean. Ez ditu bere adiskideak ere begiratu. Inongo eskolatan ikasi ezin den profesionaltasunaz eta hoztasunaz poltsa txiki batetik kamara bat atera du, Nikon zahar bat. Gorpuak nola eta nondik atera dituzten biltzen dute argazkitan, "ondoren ordenagailu batean gordetzen ditugu denak. Familiak bilatzen baditugu edo hemendik urte batzutara nork eta zergatik hil zituen argitu behar bada, guk baditugu probak. Argazkiak egitea oso garrantzitsua da"

Salman, taldeko gazteenak gorpua atera duenean bitan zatitu da. Burua alde batetik eta enborra bestetik. Hildakoa gizonezkoa da ia denak bezala. Eskuak lokarri batekin bizkarrean lotuta ditu "bere zapaten lokarriak direla esango nuke, zapata batean falta baitu. Hau ere exekutatu egin zuten baina ez dakigu burua moztuta edo tiroz hil zuten. Begiak estalita ditu zapi batez, zapiaren kolorea ezin dugu atzeman. Burua jausi denean oso garbia izan da erorketa horregatik burua moztuta hil zutela esango nuke eta horrela apuntatuko dut" dio odol hotzean.

Nork hil dituen galdetu diodanean bere erantzunak dardarka utzi nau. "Kanpotarrek, ziur nago. Zer egingo zuen Estatu Islamikoak, zer irabazi, gizon hauek exekutatu eta ihes eginda? Kanpotarrek eskarmentu eman nahi dute hirian, sunitak belaunikatu. Gauean sartzen dira hirian, eta Baghdad eta Basora-tik etorritako militarrek badakite zer egiten duten, baina ez zaie axola, lagundu ere egiten diete. NIk badaezpada atea giltzaz ixten dut eta egun sentirarte inori ez diot irekitzen".

Mosul-en gerra sekula amaituko ez oten den bildurrez nago. Ninivek ez du hau merezi !