2018ko otsailaren 28 honetan gertatu bezala, 1985eko urtarrilaren 15ean elurte ederra egin zuen Euskal Herrian eta Donostia ere txuritu egin zen. Egia esan, dela 33 urteko elurtea askoz ere handiagoa izan zen, ia aste batez egin omen zuen elurra. Seguru badela donostiarrik gertatutakoarekin oroituko dena: iraupen-eski froga bat antolatu zuen herritar talde batek eta 120 lagunek hartu zuten parte. Arratsaldeko 15:30tan hasi zen froga. Udaletxetik hasi eta haizearen-orrazira, eta buelta, Udaletxeraino. Nahiz eta termometroak zero azpitik bost gradu markatzen zituen, jende askok parte hartu zuen lehian.
Garaian ezagunak eta abenturazaleak ziren gazte kuadrila batek antolatu zuen lehia, horien artean Josu Iztueta tolosarra, Nairobitarrak-eko kidea. Bideoan ikusi dezakezuen moduan, lasterketaren kontakizuna egin zuen Herri Irratiak. Tolosako Angel Ortizek irabazi zuen lehia, Nairobitarra bera ere. Atzetik iritsi zen Pedro Ruiz Cabestany, garaian, txirrindulari profesionala Orbea taldean, oraindik ez zuen Euskal Herriko Itzulia irabazi, baina.
Iñaki Izquierdo kazetariak idatzitako artikulu batean kontatzen da iraupen luzeko eskiak jarraitzaile asko izan dituela Tolosan (gogoratu kirolari olinpiko bat baduela herriak, Haritz Zunzunegi, 2002). Aipatutako artikuluan azaltzen da 1906an norbegiar batzuk Tolosara bertaratu zirela iltze fabrika bat eraikitzeko, eta elurra zegoen egunetan Berastegira eta Aralarrera hurbiltzen zirela orduan Euskal Herrian ezezaguna zen kirola praktikatzeko. Gustatu zitzaien tolosarrei eta 1908an hasi omen ziren lehen tolosalarrak eskiatzen.