Pasa den larunbateko Bilboko manifestazio handiaren ostean baieztapen eta intentzio berriak jakin dira presoen auzian asteon. Frantziako Justizia ministroak, Nicole Belloubetek, gaiaz hitz egin du; gerturatzeak hasiko direla baieztatu du eta nabarmendu gaiaz hitz egiteko marko propioa sortu dela.
Espainia jakinaren gainean dagoela jakin dugu aste honetan, inolako urratsik iragarri ez arren. Manifestazioaren balorazioan, Sarek aurten Espainiako Estatuan eragin handiagoa izateko ekimenak egin asmo dituela iragarri du.
Ibon Iparragirreren izena darama, hala ere, aste honek presoen auzian. Anbulantzian lau bat ordutan egin beharko zuen bidaia ‘kunda’ bidez ari da egiten eta 48 ordu pasa ditu bidean. Euskal Herrira bai baina ez dute etxera eramango, Arrasateko Aita Mennin sartuko baitute.
Katalunian abiatu da 155aren osteko Parlamentua, gehiengo independentistak beregain hartu du bertako Mahaian nagusigoa eta Rogert Torrent (ERC) izango da Carme Forcadellen ordezkoa. Carles Puigdemont presidente hautatu ahalko ote duten orain zalantza nagusia, berak baietz dio. Jakin dugu, gainera, Espainiak 87 milioi euro xahutu zituela azkenean topatu ez zituen hautetsontzi batzuen bila... ( asko zabaldu da Jon Iñarritu EH Bilduko senatariak Zoido ministroari emandako erantzuna).
...eta bi izen propio gehiago. Asteko ikusienen artean agertu zaizkigu askorentzat ezezagunak diren bi euskal herritar. Eladio Zilbeti, asteon bete dira 81 urte frankistek fusilatu zutenetik; besteak beste, Osasunaren fundatzaile izan zen. Natxo Matxinek erreportaje honetan jaso du bere berri.
Bestea, Geraldine Sarratia biarriztarrarena. Parisen bizi da, ’Dans le genre de...’ saioa gidatzen du. Elkarrizketaren haria norberaren genero eta identitatearekiko dugun harremana da. (HEMEN +)