Presoak. Zigorra oso-osorik bete arte ez dute aske utzi Sara Majarenas, asteon itzuli da Euskal Herrira eta bere testigantza zuzenean jasotzeko aukera izan dugu (ikusi hemen).
Gainera, Ekaitz Sirvent da Frantziako Gobernuak gerturatu duen hamargarren presoa, Mont de Marsanen da. Apirilaren 21ean Bilbon izango den manifestazioaren harira pare bat erreferentzia: Antton Lopez eta Oihana Garmendia Sortuko presoen batzordeko kideei elkarrizketa eta EPPKren oharra urratsa eta ekimen berriak iragarriz. Beste hitzordu bat, larunbatean Lapurdin Haranburu, Esnal eta Parot anaien askatasuna eskatzeko elkarretaratzeak izango dira.
Altsasuko auzia salatzeko hitzordu nagusia, gainera, larunbat honetan Iruñean. Sarean dezenteko zabalpena izan duten pare bat bideo, oraindik auziaren astakeriaz zalantzarik duenari helarazteko: 'Asociación Libre de Abogados' elkarteak hedatu duena eta Altsasuko gazteen gurasoek eurek zabaldu dutena.
Katalunian gurean oso ezagunak diren errezetak ari dira aplikatzen aspaldion. Aste honetan CDRak izan dira jopuntuan. Bazetorrela agerikoa zen eta iritsi da, «terrorismoa» egotzi diete. Guardia Zibilaren eta fiskalaren hasierako eskaria, hala ere, bertan behera utzi du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak eta «desordena publikoa» egotzi dio astelehenean atxilotutakoari. Gainera, Jordi Sanchezi ez diote utzi gaur egitekoa zen inbestidura saioan parte hartzen.
Politikaren erraustegia bihur daiteke Espainiako Kontu Auzitegia. Hauteskunde kanpainan hartutako konpromisoak burura eramateagatik auzibidean jarri baidituzte EAJk eta PSEk aurreko legegintzaldiko Bilduko kargudun publikoak. Erreportaje honetan erraustegia nola gerarazi zuen Foru Aldundiak eta Swap eta angula kontuen laburpena.