Iñaki Lasa naizplus blogak

Presoen sakabanaketak hil egiten du

Detalle-cementerio-botellas_ediima20170806_0138_5
Botilen hilerria

Kolpista faxistek Iruñeko San Cristobal gotorlekua presoentzako erietxe bihurtu zuten 1942. urtean. Gainerako espetxetan gaixorik zeuden presoak hara eramaten zituzten sendatzera. Leku aparta tuberkulosia sendatzeko, zilegi bekit ironia erabiltzea. Izan ere, 800m inguruko garaiera du Ezkabak, ziegak hezeak dira eta literalki uraren gainean lo egitera behartzen zituzten tuberkulosiak jota zeuden ehunka presoren artean. Benetako sarraski zelaia izan zen non presoak erail zituzten erarik krudelenean, gaixotasun luze batez, alegia. Hildako preso horietako batzuk, 131 hain zuzen ere, botilen hilerrian lurperatu zituzten. Izen hori hartzen du kanposantuak han ehortzitako guztiek botila bat zutelako hanken artean. Botilek paper bat gordetzen zuten barruan bertan hildakoaren datuak jasotzen zirela. Bada, 131 horietatik gehienak oraindik ere han daude. Kasu bakar batzuetan familiak horrela erabaki duelako baina, kasu gehien gehienetan haien familiek ez dakitelako han daudela. Gerrak familiak sakabanatu egin zituen eta geroko errepresio luzeak zaildu egin du familiar presoen arrastoa segitzea.

Presoen sakabanaketa faxistek aplikatu zuten zigor gehigarri gisa. Haren ondorioak, gaur egun ere, 1936an errepresaliatutako familia askok pairatzen dituzte eragotzi egin baitzaie haien familiarra non dagoen jakitea. Ahanztura eta ixiltasuna ekarri du sakabanaketak, kasu askotan konponbiderik izango ez duena.

Gaur egun ere, sakabanaketa aplikatzen zaie euskal presoei, familiak eta presoak inongo kode penalean agertzen ez den zigorpean dituzte. Diktadura garaian aplikatutako politikak ezartzen zaizkie gaur egun euskal presoei helburu berberarekin: talde sozial oso bat zigortzea, mugimendu oso bat zigortzea, disidentzia zigortzea. Lagunok, horixe da faxismoa. Arerio politikoaren suntsiketa etengabea bilatzen du faxismoak neurririk gabeko zigorrak aplikatuz. Ez dezagun iparra gal.