Jostari blog naiz

Arran: "Gazte mugimenduaren eraikuntza finkatu genuen gako modura"

Arran gazte antolakundeaInoizko historikoena izan den Diadaren testuinguruan, Topatu.info gazte egitasmo komunikatiboko ordezkaritza bat Herrialde Katalanetan ibili zen. Sortu berria den Arran gazte antolakundeari egindako elkarrizketa duzue jarraian ikusgai.

Zukguaren zorabioan murgilduta gauden honetan, baliagarri zaizkigun kontuak geureganatzeko, eta besteengandik ikasteko aukera paregabea, bai horixe! Irakurri, ikusi eta gozatu!

Gainera, beraiek ere euskal gazte antolakundearen berri izateko gogoz daudela diote, beraz, ez dugu aitzakiarik!

Topatu.info:

Arran gazte antolakundeaLanean aurkitu ditugu Bartzelonako casal (lokal independentista) batean Artur Valera eta Mireia Foradada, beste hainbat gazterekin batera. Kataluniako Diadaren bezpera da eta, aurtengoan, berezia izango da Arraneko kideentzat, gazte antolakundearen erditzea irudikatu nahi baitute kaleetan barrena. Lau urte luzeko prozesuaren ostean, Maulets eta CAJEIren batzetik sortu da antolakunde berria, Herrialde Katalanen independentzia eta jendarte eredu sozialista eta feministaren lorpena helburu. Halere, bi antolakundeen batze hutsetik haratago, zabaltze prozesua ere izan dela azpimarratzen dute behin eta berriz: “Antolakunde bat eratzetik haratago jo nahi genuen, eta gazte mugimenduaren eraikuntza finkatu genuen gako modura”. Antolakundearen sortze prozesuaz, helburuez, lan ildoez, okupazioaz, krisiaz, M15 mugimenduaz, errepresioaz zein Segiren agorpenaz galdegin diegu.

 

Zergatik Arran izena? Zein da bere esanahia?

Oinarritik, gure lurretik, gure sustrai eta erraietatik esan nahi du Arranek. Guretzat oso garrantzitsua da antolakundearen izenari horizontaltasunaren konnotazioa ematea; ulertzera ematea herriaren parte garela, herri mugimenduekin bat gaudela, oinarriekin eta oinarritik dihardugula lanean. Lurrari eta haren defendatzaileei, eta herri-kulturari egiten die erreferentzia izenak.

Zein arrazoi medio jarri zenuten martxan bateratze prozesua?

Duela 24 urte sortu zen Maulets gazte antolakundea, eta Herrialde Katalanetako hainbat herri eta eskualdetan zituen taldeak, baita Mallorcan ere. CAJEI, aldiz, 2002an sortu zen independentziaren eta sozialismoaren alde borrokan ari ziren gazte asanbladen koordinaziorako.

Bi antolakundeen presentzia zegoen herrietan hurbiltasun estrategikoa oso nabaria izatera iritsi zen azken urteetan; sarritan lan berbera egiten zuten, bakoitzak bere aldetik edo elkarlanean. Gauzak horrela, lanerako proiektu bateratu bat egitea pentsatu genuen, eta egitasmo horren ondorioa izan da Arran.

Ez da presaka eta halabeharrez egindako zerbait izan, lau urte iraun du prozesuak…

Prozesua hasi genuenean argi ikusi genuen ez geneukala inongo presarik. Garrantzitsua zen aurrera egitea, baina pausoz pauso. Bi antolakundeek ohitura eta lan egiteko modu desberdinak zituzten, eta antolatzeko eredua eta ildo politikoa ere ez ziren guztiz berdinak. Beraz, ezinbestekoa zen prozesua bera eta emandako pauso bakoitza behar bezala finkatzea. Horregatik hartu genuen guztia patxadaz, adostasunetara iritsi eta akordio haiek bi antolakundeek eta bertako militanteek onartu zitzaten, presio eta presarik gabe. Modu horretan joan gara aurrera egiten, pausoka eta etapaka. Aurrera poliki egin arren, erabakiak eta adostasunak ongi finkatzeak ekarri gaitu gaur egungo egoerara, gaur garenera.

Oso garrantzitsua izan da prozesua benetako antolakunde berri baten sorrera izatea, batek bestea xurgatu gabe. Ezinbestekoa izan da guztiok sentitzea egitasmoaren parte, erabakiak adostasun handiz hartzea eta denok sinestea akordio horietan. Halere, bada azpimarratu beharreko beste alderdi bat: gazte proiektua Maulets edo CAJEIren asanbladak izan zirenetatik haratago zabaltzea ere helburu nagusietako bat izan da. Prozesua ez da bi antolakundeen batze hutsera mugatu, haratago joan nahi izan da, gazte proiektu berri bat sortu eta ahalik eta gazte gehien erakarriz borrokara.

“Ezer” ez zegoen herrietako gazteek zein bestelako gazte mugimenduek egitasmoaren berri izatea lortu nahi izan da hasieratik. Ezker independentistaren ildo politiko eta soziala jarraitzen zuten hainbat gazte asanbladarekin bildu eta bertako gazteen parte hartzea sustatu da. Horietako talde askok hasieratik azaldu dute prozesuan parte hartzeko nahia, eta oso aberasgarria izan da. Arrazoi honek ere luzatu du guztia.

Zein da Arranen egituraketa eta antolaketa eredua? Nondik eta nola eragin nahi du?

600 militante inguru gara, 36 eskualdetan banatuak, eta 60 udalerritan edo dauzkagu taldeak. Gure egituraketaren oinarria tokian tokiko asanbladak dira, eta uste dugu horixe dela gure egiazko indarra; hau da, herrietan zein auzoetan sortutako mugimendu (ehundura) herrikoietan parte hartu behar dugula uste dugu, eta horietan lan egin nahi dugu. Herrietan ditugun taldeen helburu nagusia errotze lana da, eta horretarako ezinbestekoa da talde horiek aipatutako mugimendu lokaletan parte hartzea, sustrai herrikoiak indartzeko, eta, tokian toki, jasaten ditugun zapalkuntzei denok batera aurre egiteko. Hala, herrietako taldeetatik abiatzen da gure egituraketa, eta, horiez gain, lanerako eta koordinaziorako hainbat gune ditugu antolakundearen baitan.

Hain justu, asanblada eratzaile nazionalean, antolakunde bat eratzetik haratago jo nahi genuen, eta gazte mugimenduaren eraikuntza finkatu genuen gako modura. Horregatik du zentzua herrietan errotzeko helburuak, antolatuta dauden gainerako gazteekin eskuz esku lan egiteko aukera ematen duelako. Ez maila politikoan soilik, baita kulturaren, hezkuntzaren edota aisialdiaren inguruan lanean dabiltzan eragileetako gazteekin ere; splai edota scouts taldeetakoekin alegia. Izan ere, taldeok tradizio handia dute Herrialde Katalanetan, eta, horiez gain, gazte plataforma ugari ere badaude. Gure apustua horiek guztiak indartzea da, eta horretarako da errotze lana, herrialde osoaren alde lan egingo duen gazte mugimendua eraikitzeko.

Zeintzuk dira antolakundearen helburu nagusiak?

Gure herriak espainiar eta frantziar estatuengandik jaso duen zapalkuntza historikoaren hausnarketa eginda, antolakunde independentistatzat dugu gure burua. Horrez gain, arlo ekonomikorako egin dugun apustua eredu sozialista da, eta, ondorioz, uste dugu herri honetako langile klasearen eta gazte langileen borrokarekin bat eginez iritsiko garela gizarte sozialista eta feministara. Zentzu horretan, feminismoa apustu politiko modura ulertzen dugu, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko harreman sozial berrietan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko teoria modura. Hargatik, feminismoa bera gure antolakundearen zutabe eta arrazoi garrantzitsuenetako bat da.

Lehenengoak ez bada, lehenengoetarikoak izan zarete feminismoa, teoria politiko gisa hartuz, helburu nagusi gisa finkatzen.

Aspaldi abiatutako prozesuan du gai horrek bere iturburua. Maulets eta CAJEI kontu horren inguruan lanean arituak dira, eta Arran sortzerako orduan garrantzitsua iruditu zitzaigun zenbait kontu argi uztea: herri honetako gazteria sistema patriarkala suntsitzeko ari dela lanean, eta, ondorioz, teoria politiko gisa feminismoaren aldeko apustua egiten dugula, patriarkatuaren zapalkuntza suntsitzeko. Ez dakit feminismoarekiko ikuspuntu hori dugun lehenengoak garen, baina ziur gaude gazte mugimenduan borroka horrekiko apustu zuzena egin dugun lehenak garela, eta oso argi utzi dugu gure jarrera politikoa arlo horri dagokionez.

Aipatutako helburuen lorpen bidean, zeintzuk dira Arranen azpi-borrokak edo lan ildoak?

Uste dugu gazteok jasaten dugun zapalkuntza oro borrokatzea dela guk egin beharreko lana. Horren baitan, hiru dira nahi dugun herri eredua eraikitzeko borrokak: independentismoa, feminismoa eta sozialismoa. Une honetan Herrialde Katalanetan dugun testuinguruak garrantzi berezia du, izan ere, hainbat sektore independentista faltsuk ere bat egiten dute gurekin langileekin egin beharreko borrokari garrantzia aitortzerakoan. Hargatik, zerbitzuen eta eskubide sozialen arloko borroka oso garrantzitsua da, langile borroka eta lantokietako borroka. Beharrezko eta oinarrizkotzat jotzen ditugu emakume edo gizon izateagatik herrialde honetan ditugun eskubideak, baina gure iritziz garrantzi berezia dute emakumezko langileen eskubideek, baita Herrialde Katalanetan gazteriarekin lan egin nahi duten antolakunde politikoek ere.

Sistema kapitalistaren krisian murgilduta gaude, eta testuinguru horretan langileoi eskubide asko urratu zaizkigu Espainiako Gobernuak edo Generalitat-eak hartutako neurri murriztaileen ondorioz. Areago, ikasleok hezkuntza mailako oinarrizko eskubideak galdu ditugu Bologna prozesuaren ondorioz, edota unibertsitateetako pribatizazioarengatik. Hezkuntza sistemako egunerokotasuna gero eta prekarioagoa da, eta uneotako arazo handienetako bat matrikulen garestitzea da. Unibertsitateko karrerak edo erdi zein goi mailako ikasketak garestitzeak hezkuntzarako eskubide osoa izateko aukera kentzen dio hainbat ikasleri.

Bestetik, osasungintzaren kontua dago, herritarren, gehienbat langileen, osasunerako eta osasungintzarako oinarrizko eskubidea ere urratuta dagoelako. Hain zuzen, garrantzitsua da herritarren gehiengoa langileak direla nabarmentzea eta dirua eta boterea dutenak, berriz, gutxiengoa baino ez. Hargatik,  osasungintzarako aukera kentzen ari zaizkigu, zerbitzua ordainpeko bihurtu nahi dutelako, eta, ondorioz, hainbat herritarrek ez dute aukerarik izango bizi-kalitate egokia bermatzeko oinarrizko zerbitzuez gozatzeko.

Esan genezake okupazioak indar handia hartu duela Herrialde Katalanetan, batez ere Bartzelona bezalako hiri handietan.

Bi elementu hartu behar dira kontuan gai horretaz hitz egiterakoan. Batetik, azken urteotan gazteok ez dugu independizatzeko edo burujabe izateko aukerarik izan, ez dugu gure bizi-egitasmoez pentsatu eta berauek garatzeko aukerarik izan, higiezinen sektoreko espekulazioak horretarako aukerarik utzi ez digulako. Hargatik, etxebizitzen okupazioa bada gazteok geure kabuz bizitzarako proiektu propioak eraikitzeko bidea, bitarteko ekonomikorik ezak orain arte gure familiekin bizitzera behartu baikaitu.

Bestetik, okupazioak etxebizitzak izatea ahalbidetzeaz gain, espazioak gure egiteko aukera ematen digu; egitasmo sozialak, kulturalak edota sistema kapitalista patriarkalak inposatutako aisialdi eredutik alternatiboak diren ekimenak egin ahal izateko. Casalen (lokal independentistak nolabait esateko) okupazioa izan da ekintza horiek egiteko orain arte baliatutako bideetako bat, arrazoi ekonomikoengatik eta politikoki ere garrantzitsua delako espekulazioaren aurkako ekintzak ikusaraztea. Hala, gure lanerako esparrua mugatzen duten instituzioen kontrolpetik at dauden espazio horien beharraz eztabaida sortzea ere ahalbidetzen duelako.

Arrazoi horiek izan dira espazio publikoen okupazioaren bidea baliatzera eraman gaituztenak, Arraneko asanblada askok dituzte okupatutako casalak edo ateneoak (gune publikoak), ekintza horiek gauzatu ahal izateko. Kasu batzuetan udalek ere uzten dizkiete gazteei lokalak, baina lokal horiek udaletxeek zaintzen dituzte, eta, ondorioz, zenbait ekintza egiteko mugak izaten dira.

Zein irakurketa egiten duzue egungo krisiaz eta gazteok bertan dugun paperaz?

Uste dugu krisiak dakartzan ondorioak argiak direla denontzat, ezta? Mundu guztiak ikusten du langileria eskubideak galtzen ari dela egunez egun. Herri honetako langileek borrokari eta mobilizazioari esker lortutako eskubideak, hain justu. Ondorioz, beharrezkoa da eskubide galera horren aurka borrokatzea. Gazteok gara eskubide horiek mantentzeko eta gehiago lortzeko borrokatu behar dugunak. Gu ez gara etorkizuna, herri honen oraina gara. Asko erabiltzen dugun esaldi batek ongi definitzen du hori: “Irabazteko jaio gara”. Bide horretan, beharrezkoa da langileriaren burujabetzaren alde borrokan jarraitzea.

Oso garrantzitsua da egungo gazteak egoeraz ohartzea. Orain arte zabor kontratuak, kontratu prekarioak, prestakuntza maila altua eta soldata baxuak eduki ditugun gazteok, ez gara baliagarriak sistema kapitalistarentzat une honetan. Lan merkatutik bota gaituzte, eta oso garrantzitsua da horretaz ohartzea. Gaur egun herri honetako langabezia tasa oso altua da, baina, guztiok ondo antolatuz gero, irabazteko asko eta galtzeko gutxi daukagu. Hargatik, oso garrantzitsua da gazteriari ere grebarako deia egitea. Gazteon borroka eskubide laborala eta soziala da, eta hori da gure kontsigna aurrerantzean sor daitezkeen gizarte gatazken aurrean.

Greba aipatu duzuela… Azkenengoan errepresio latza jasan behar izan zenuten.

Boterean daudenak zalantzan jarriz gero haserretu egiten dira, eta errepresioarekin erantzuten dute. Ez gaitu harritu ere egiten errepresioak, zerbait normala bihurtu da. Baina boteredunen status quoa zalantzan jartzen dugu, beren sistema eta lan egiteko modua aldatu nahi ditugu, porrotera garamatzatelako. Horren aurrean, eurek beren tresneriarekin erantzuten dute: errepresioa, beldurra, kideen espetxeratzea… Gogoan izan behar dugu ehun lagun baino gehiago daudela auzipetuta azken grebagatik. Halere, errepresioak ez gaituela geldiaraziko helarazi nahi dugu, sistema honekiko alternatibak planteatzen jarraituko dugula, eta aurre egingo diegula, gu atxilotzera etorriko diren ehun, mila, edo etortzen diren mossoak etortzen direla ere. Aldaketaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu.

Loratze ikaragarria izan du M15 mugimenduak. Bartzelonan, esaterako, ikaragarri sustraitu da, auzoetan batez ere. Zein da mugimendu horrekiko duzuen jarrera?

Arranen izenean ez dugu horren inguruan hitz egin, baina M15 mugimenduaren ibilbidea baikorki baloratzen dugu. Gu ere bagara M15 mugimenduaren parte; guk ere urteetan borrokatu dugun jendartearen egoera txarraren aurka sortutako mugimendua baita nolabait esateko. Hargatik, guk aldarrikapenean eta kaleko lanean urteetako ibilbidea dugun arren, sarritan elkarlanean aritzeaz gain, M15en barruan ere lan egin dugu. Aldarrikapen asko batzeko moduko espazio askea da.

Guk herri batasunean sinesten dugu eta horren aldeko apustua egiten dugu. Gure ustez herri batasuna kapitalismoaren, patriarkatuaren eta espainiar eta frantziar estatuen zapalkuntzaren aurkako borroken gailurrean dago. M15 borroka horiek guztiak batzeko moduko espazioa izanik, guk ere parte hartu behar genuen horren baitan. Mobilizazio askoko urte batez hitz egin dezakegu, baita M15en bidez eskubide sozialen aldeko asanbladak indartzeaz ere. Egia esan, herri eta hiri askotan kontuan izan beharreko kontraboterea eraiki da M15i esker.

Euskal Herrira jauzi eginez, garai berri bat bizitzen ari da euskal gazteria. Zein balorazio egiten duzue Segiren agorpenaren inguruan?

Zuek inork baino hobeto ezagutzen duzue Euskal Herriko errealitatea, zuen errealitatea da azken batean. Momentu honetan gazte mugimenduaren, edo, zehatzago esanda, Segiren apustua desegitea eta borrokarako gazte marko berri bat eraikitzea bada, egin dezakegun bakarra animoak ematea da, hemen gaude babesa adierazteko. Ikusteko dago zein emaitza izango duen, eta guk ere ikusteko gogoa dugu, zerbait berri izango delako. Gaur hemen gure proiektua azaltzeko prest gauden modu berean, Euskal Herriko gazte mugimenduaren egitasmoaren berri izateko gogoa daukagu.