Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

ESKOLA PUBLIKOA Ez da Euskal Herrian behar dugun eskola publikoa

“Publiko” hitzak, euskaldunontzat, iruzurra dakar berarekin. Slavoj Zizek filosofoari atsegin zaion amarru bat gogoratzea ez legoke gaizki: nekazari hura zaindarien aurretik egunero pasatzen zen baratzeko produktuez gurditxoa gainezka zuela. Ohartu ziren arte gurdiak zirela oharkabean nekazariak pasatzen zituenak haien muturren aurretik. Publikotasunaren izenpean unibertsaltasuna, doakotasuna, integrazioa, aniztasuna, laikotasuna, eta abarrak ederki pasatzen dira mundu guztia asetuz eta poztuz. Amarrua, ordea, publiko kontzeptuaren baitan dago, oharkabean pasatzen den “publiko” hitzaren azpian ezkutatuta: zein subjetu dago publiko horren atzean? Publikotasun hori, norena da? Norena da publikotasun hori alde batera edo bestera mugi arazteko ahala? Orduan azaltzen zaizkigu mozorrotuta zeuden aktoreak: estatu espainola eta frantsesa.

Amarru hau ez da soilik Euskal Herrian erabiltzen den iruzurra. Katalunian ere irekitzera baitoaz publikotasunaren debatea.

Frantziak eta Espainiak, estatu gisa, neurriko hiritarrak sortzeko hezkuntza sistemak antolatu zituzten. Frantziak XVIII. mendearen bukaeratik hasita eta bigarrenak, XIX. mendearen amaieratik aurrera. Biak, hezkuntza sistema nazionalak ziren izenez eta izanez. Frantziak izendapen horri eutsi zion bitartean Espainiak, Franco hil ondoren, izena aldatu zuen eta Hezkuntza Sistema Publikoa erabiltzen hasi zen, egitura politikoaren aldaketarekin batera.

Izan ere, frankismoak kudeatutako hezkuntza sistemaren hutsuneak nabarmenak ziren, eta aurkako jarrerak indartuz joan ziren. Oposizio demokratikoaren hitzetan, frankismoaren hezkuntza sistema hura ez zen, inola ere, publikoa. Irakaskuntza ez unibertsitarioaren autoritarismoa salatzen zuten (ez zegoen modurik zentroetako zuzendariak demokratikoki hautatzeko, ez gurasoen parte hartzerik, ez ikasleen ordezkaritzarik...), hezkuntza sistema hura ez zela, ez publikoa, ez demokratikoa, esaten genuen, estatala, autoritarioa eta frankista baizik.

Irakaskuntza unibertsitarioan antzerako argudioak entzuten ziren: burokraziak agintzen zuela, funtzionario frankisten erresuma zela, eta abar. Irakasle ez numerarioen borrokarekin, unibertsitateen demokrazia falta eta publikotasun eza azaleratu ziren hirurogeita hamargarrengo azken urteetan.

Baina, hitzaren magiak dena sorgindu du. Pio Cabanillas politikariak, “Hezkuntza Sistema Nazionala” izendapenetik “Hezkuntza Sistema Publikoa” izendatzera pasatzea lortu zuenean, ia denek oharkabean onartu zuten, aurreko hezkuntza sistema frankista hura publikoa bihurtu zela, izen aldaketa huts batek lortu zuen magia hori.

Antzerakoa gertatu zen Rafael Mendizabal juristak proposatutako “Entzutegi Nazionala” izenarekin. Delitu politikoak epaitzeko zegoen “Tribunal de Orden Público”ak, jokamolde eta epaile beretsuekin jarraitu zuen, baina izena aldatuz 1977ko urtarrilean, eta orain hor jarraitzen du, justizia arruntaz kanpoko delitu politikoak epaitzen.

Guk ez dugu azaleko aldaketa horietan sinisten. Guretzat, gaurko hezkuntza publikoa deritzona, Euskal Herrian ez da publikoa, eta salbuespeneko justizia ere ezin da zuzena izan. Ez bakarrik euskaldun bezala dagozkigun curriculuma, egitura, hizkuntza, titulazioak, ikuskaritza, jakintza arloak, irakasleria, etab., hezkuntza mota horrek behar bezala lantzen ez dituelako, baizik eta, hezkuntza sistema moduan, ez dituelako publikotasunari dagozkion ezaugarriak eta baldintzak betetzen.

Hau dena aztertzeko idatzi dugu liburu bat (ESKOLA PUBLIKOA Ez da Euskal Herrian behar dugun eskola publikoa. Delta,2019) eta Durangoko azokako Areto nagusian aurkeztu dugu Josu Txapartegik eta biok Abenduaren 5ean 13:30etan.

Eztabaidatzeko elkar ikusiko dugula espero dut

Search