Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

«Titus Andronicus»

Izen bereko Shakespearen tragedia honetan, krudelkeria botere-nahia eta mendekua bezalako emozioekin lotuta dago. Pertsonaiak, boterea edo errespetua lortzeko, ekintza krudelak burutzen dituzte, eta, sarritan, horrek erabateko hondamendia dakar.

Bizitzen ari garen genozidio egoeran, gogoratu beharreko mezua, zalantzarik gabe.

Bestalde, Joseph Conraden "Heart of Darkness" izeneko eleberrian, giza krudelkeria kolonialismoaren bidez aztertzen da, eta giza izaeraren basakeria agerian uzten digu. Kolonizatzaileek bertakoen aurkako bortizkeria eta zapalkuntza justifikatzen dute aurrerapenaren izenean, baina Conraden irudi ilunek ustelkeria eta gizakien deuseztapena erakusten dute. Egun, Israel Estatuak eta hango kolono juduek hori bera erakusten dutelakoan nago, ankerkeria besterik ez. Izan ere, gerraren eta sufrimenduaren erdigunean odoltzale sabelgorriak bakarrik egon daitezke eroso.

Erich Maria Remarquek "Im Westen nichts Neues" (Iparraldean ezer berririk ez) idatzi zuenean Lehen Mundu Gerratearen izugarrikeriak erakutsi zituen, ankerkeria maila fisiko zein psikologikoan aztertuz. Gerrak gizakien bizitza suntsitzen du, eta Remarqueren literaturan krudelkeria modu gordinean islatzen da.

George Orwellen "1984" liburu ezagunean, berriz, krudelkeria ez da soilik bortizkeria fisikoa, baizik eta sistema totalitario batek pertsona baten burua eta nortasuna suntsitzeko erabiltzen duen boterea.

Krudelkeria literaturak modu askotan landu izan du, gai konplexu eta unibertsala izanik eta filosofiak historian zehar hainbat modutan ere landu izan du, gehienetan gizakiaren bortizkeriaren eta oinazearen inguruko eztabaidetatik abiatuta.

Hala nola Michel Foucaultek, krudelkeria boterearen teknologiaren parte gisa ikertu du, estatuek eta erakundeek nola erabiltzen duten krudelkeria pertsonen gorputzak eta pentsamenduak kontrolatzeko eta diziplinatzeko aztertuz.

Botere politikoaren inguruko eztabaidetan eta giza eskubideen defentsan ere aztertu izan da gaia. Hannah Arendt, krudelkeriaren «banalizazioa» kontzeptuaz mintzatu zen, gizarte modernoak zein erraz onar dezakeen ankerkeria ohitura edo arau bihurtzen denean, sistemak krudelkeria normalizatu eta eguneroko praktika bihurtzen baitu.

Horixe bera da orain gertatzen ari dena.

Search