Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Egurra, egurra

Azken asteotan gorpuak pilatzen ari zaizkie eta, ordainduta ere, ez dago denak erretzeko nahikoa egur. Parkeetako zuhaitzak botatzeko baimena eman dute.

Hogei bat urte izango dira lagun batekin Indiara joan nintzela. Motxila eta bueltarako hegaldiaren erreserba besterik ez genuen eraman. Gauez Delhin abioiaren atea ireki orduko jaso genuen errealitatearen lehen zaplaztekoa. Aire bero eta zikina, behiak nonahi, giza gorputzak –gure begientzat gorpuak ere izan zitezkeenak– arkupeetan, izenik gabeko labirinto-kaleak, amaraunen modura ehundutako telefono- eta argindar-kablez estaliak. Ez zen erraza izan panorama horretan gure bidea egitea.

Baina egin genuen aurrera. Kostata, baina egin genuen. Eta Rajastanen zehar Jaisalmerreraino iritsi ginen. Eta Agrara, gero, Taj Mahal handia ezagutzera. Eta handik Varanasira trenez. Estaziotik hirira eraman gintuen taxi-gidariarekin eztabaida txiki bat izan ondoren, guk eskatu ez genuen tokian utzi gintuen alderrai. Ostatu bila genbiltzala, euri-jasak harrapatu gintuen, nola ez. Eta bidera etorri zitzaigun lehenengora sartu ginen, lehortu eta gosaltzen genuen bitartean, bertan geratuko ote ginen erabakitzeko.

Eraikin gehienek bezala, bukatu gabea zuen azken pisua, baina terraza gisa ederki egokitua zegoen, Ganges ibaiaren gaineko bista politarekin. Usaina berezia zen, ordea, Indiako usain berezi guztien artean ere. Ondoko mahaira eserita zeuden frantses batzuek argitu ziguten kontua. Giza haragi errearen usaina zen. Beheko errauskailu elektrikotik zetorren kea. Ostatu bila segitu genuen.

Hinduentzat oso garrantzitsua omen zen, omen da, beren arima berriro haragituko bada, gorpua 24 orduko epean erretzea. Egurra ordaintzea, aldiz, ez zegoen denen eskura. Pobreetan pobreenak erretzen zituzten, hortaz, errauskailu elektrikoan.

Azken asteotan gorpuak pilatzen ari zaizkie eta, ordainduta ere, ez dago denak erretzeko nahikoa egur. Parkeetako zuhaitzak botatzeko baimena eman dute.

Bitartean, parkeetako zuhaitzen gerizpean jarritako terrazetan eseri ahal izatea eskatzen dugu hemen. Hango giza haragi errearen kiratsa ez da honaino iristen. Gure gorpuak ezkutuan erretzen ditugu errausketa-labe usaingabeetan.

Search