Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Guru efektua

Esaten dituztenak zenbat eta ilunago, orduan eta sakonago dirudite jende askoren begi-belarrietara. «Guru efektua» esan zion horri Dan Sperber filosofo, antropologo eta hizkuntzalariak.

Batzuetan ez dago dena argi eta garbi esateko modurik. Kontua konplexuegia, zailegia, izan liteke erraz ulertzeko moduan esplikatzeko. Har, adibidez, fisika kuantikoa. Hor egindako aurkikuntza askori esanahi osoa antzeman gabe segitzen dute fisikariek. Beren interpretazioak oraindik espekulatiboak direla onartzen dute, eta eurek ere ez dituztela erabat ulertzen. Lanean jarraitzen dute, eta inoiz ulertuko balituzte ere, zailak, ulergaitzak izan litezke fisika eta matematika sofistikatua menderatzen ez dugunontzat.

Hainbat alorretan, ordea, iluntasuna deliberatua dela dirudi. Batzuek egiten dituzten baieztapenak, ematen dituzten azalpenak, ulertezinak dira eta, espero zitekeenaren kontra, emaitza onak ekartzen dizkie horrek ilun-egileei. Esaten dituztenak zenbat eta ilunago, orduan eta sakonago dirudite jende askoren begi-belarrietara. «Guru efektua» esan zion horri Dan Sperber filosofo, antropologo eta hizkuntzalariak. Eta filosofoak (filosofo «kontinentalak» bereziki) eta teologoak hartu zituen adibide nagusitzat.

Inork ulertzen al du trinitatearen misterioa? Nola liteke aita, semea eta «mamu» santua bakarra izatea, eta aldi berean hiru? Eta nola ulertu behar dugu ardoa odol bihurtzea, propietateen aldaketarik ez dakarren substantzia-eraldaketa supitua? Ez ulertzen saiatu. Guruek berek esaten dute misterioak direla, edo mirakuluak. Ez ulertu. Izan fedea.

Bizi dugun krisialdia aurrekaririk gabea da gehienon bizitzan, eta kezkak eta galderak, normala denez, ugari. Halakoetan ulergarria da intelektualengana jotzea argi pixka baten bila. Horrelaxe egin dute komunikabide askok filosofoekin behintzat, eta han eta hemen agertu dira X eta Y jakintsu plantak egiten. Misterio edo mirakuluen aipamenik ez, baina zenbat eta ilunago, hainbat eta sakonago. Haien atzetik etorri dira iritzi-emaileak «Xren arabera»-ka eta «Yk dioenez»-ka, guru berriei ezer ulertu ote dieten oso argi utzi gabe.

Mark Knopflerrek "Industrial disease" (Gaitz industriala) kantuan dioenez, filosofiak ez du laguntzen, teologiak gutxiago. Kantuak bai, sobrare.

Search