Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Justizia

Zer egiten du, zer pentsatzen du, zer sentitzen du epaileak, esate baterako, Marixol Iparragirre euskal preso politikoari 425 urteko zigorra ezartzen dion testua sinatu eta gero?

Bi ezaguera mota nagusi bereizi zituen Bertrand Russellek XX. mendearen hasieran: batetik, ezaguera zuzena edo bitartekorik gabea (knowledge by acquaintance bere hitzetan) eta, bestetik, deskripzio bidezko ezaguera. Ur filosofiko sakonetan sartu gabe ere, zentzuzkoa dirudi bereizketak. Gauza bat da bertatik bertara ezagutzea, hizkuntzaren parte hartzerik gabe, eta beste bat, hizkuntzaren bidez, norbaitek egindako deskripzioa entzunez edo irakurriz ezagutzea. Kantitatean mugatuagoa izanagatik, kalitatean oinarrizkoagoa da ezaguera zuzena, deskripziozkoa baino. Zuzeneko batere ezaguerarik gabe ez dago deskripziozkorik. Gure ezagutzaren parterik handiena deskripziozko ezagutzak hartzen du; muina, ordea –txikia, baina sistema osoaren euskarria–, ezagutza zuzenarena da.

Baina ez da deskripziozko ezagutzaren balioa gutxietsi behar. Testuek baliozko ezagutza ekartzen dute; baita fikziozkoek ere. Irudimena kitzikatuta, zuzenean sekula topatuko ez duguna ulertzen laguntzen digute Hollywoodeko filmek, adibidez. Haiei esker uler dezakegu nolakoa izan zitekeen Al Caponeren garaiko polizia baten bizitza, edo abokatu batena, esaterako. Aldaketa batzuk eginda, irudika ditzakegu gero gure polizia eta abokatuen bizitzak. Zailtasunak izango genituzke, ordea, epaileena irudikatzeko; oso gutxitan jarri baitute fikzioaren erdigunean. Zer egiten du, zer pentsatzen du, zer sentitzen du epaileak, esate baterako, Marixol Iparragirre euskal preso politikoari 425 urteko zigorra ezartzen dion testua sinatu eta gero? Hurrengo igandeko meza nagusira joango da? Lasai irakurriko du bere delituez harro dagoen Barrionuevo ministroaren elkarrizketa periodikoan? Eta astelehenean, legea guztiontzat berdina dela irakatsiko die zuzenbideko ikasleei?
 
Russellek zer iritziko liokeen ez dakit, baina esango nuke ez dagoela horrelako pertsonen ezaguera posiblerik; ez zuzenik, ez deskripziozkorik; ez benetakorik, ez fikziozkorik. Ezagutu, ulertu, irudikatu eta jasan daitekeenaren muga guztiak gainditzen dituzte. Nireak behintzat, bai.

Search