Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Pott

Etsaien tamainak ez al du norberaren neurria ondoen adierazten? Etsai handiak nituela uste nuen. Horiek ere nitaz paso egiten ari dira aspaldian. Non daude etsaiak, behar dituzunean?

Munduak ez du nirekin kolaboratzen. Goizean etxetik atera eta kaleak tokiz aldatu dituztela ikusi dut. Ez dakit autoaren bila nondik hasi. Ondo aparkatuta utzi al nuen? TAO txartela jarri al nion? Noiz arte? Ez dakit asmatuko ote dudan atzera etxera joaten ere. Nork agindu zidan niri herri arrotz honetara etortzea? Nork gaur etxetik ateratzea? Nork ohetik jaikitzea? Hara, eskerrak; hortxe dago autoa. Non demontre daukat giltza?

Jendea gorroto dut. Egoista hutsak dira denak. Beti eskatzeko prest. Emateko inoiz ez. Esan, bai. «Ezer behar baduzu, esan lasai». Esan diet eta zer erantzun didate, ba? «Nik gaur ezin dut; goizean inposible»; «barka lehenago erantzun ez izana, baina justu orain lepo nabil»... Behin zeozer eskatuko eta horra erantzunak. Eta hori lagunekin; lagun omen direnekin. Lagunak beti hor, behar zaituztenean. Horretarako, nahiago etsaiak. Etsaien tamainak ez al du norberaren neurria ondoen adierazten? Etsai handiak nituela uste nuen. Horiek ere nitaz paso egiten ari dira aspaldian. Non daude etsaiak, behar dituzunean?

Burokrazia honekin ezin da. Etxean Internet jartzeko, kontu korronte zenbaki bat eskatzen didate. Bankuan kontua irekitzeko, erroldaren agiria. Udalean erroldatzeko, alokairu-kontratua. Etxea alokatzeko, paperak. Paperak lortzeko, lan-kontratua. Lana topatzeko, curriculuma Internetez bidaltzea. Non dago erreklamazio-liburua? Jo ezazu herritarren egoitza elektronikora: http://www.kafka.eus. Gizakia helburu, etorkizuna eraikiz, Araba helburu, Bizkaia aurrera.

Terapiaren batean hasi beharko dut psikoanalista, homeopata, astrologo edo ondobizilogoren batekin. Edo ezinak eta penak alkoholetan ito. Edo pott egoteko eskubidea, Nazio Batuen Erakundeak jasotzen ez duena, neure buruari aitortu. Horixe egingo dut, bai. Eta biraoka hasi isilean. Madarikatuak mundua, gizartea, estatuak eta jainkoak oro.

Bai, badakit. Oporrak behar ditut. Beste ezer ez. Lasai egon daitezke lagunak (eta etsaiak), estatu autonomikoa (eta bestea), jainkoak (berdaderoa eta imitazioak) eta mundu osoa (daukagun bakarra). Banoa haizea hartzera.

Search