Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Usainak eta kiratsak

Betiko galdu dira usain asko. Eta haiekin batera, gure memoria. Bakarren bati aditzen nion lehengoan bestelako usaina zutela garai bateko autoek. Eta halaxe gogoratzen dut nik ere.

Paul Urkijo Alijoren "Irati" film zoragarriaz gozatzen ari nintzela, euskal jaun bizar luze baten sudur zulo iletsu eta mukizuaren lehen planoak zentzumena aldarazi zidan ikusmenetik usaimenera. Edo, zehatzago esateko, fikziozko sudurra ikusi eta, usainak hartu nituen nik gogoan. Saiatuko naiz spoilerrik ez egiten, baina, "Irati" ikusita, ondoriozta daiteke VIII. mendeko nafarren euskararen edertasuna alderantziz proportzionala zela beren gorputz eta jantzien higienearena. Edo argiago esanda: gure arbasoei sekulako kiratsa zerien. Zinema aretoak film eszenetako usainak transmititzeko gai balira, ez da amaren seme-alabarik "Irati" bukaera arte aguantatuko lukeenik.

Garai hartan kiratsak ez zuen, nonbait, klase, nazio, genero edo espezie bereizketarik egiten: aitoren seme-alaba zein baso-langilearenak, nafar nahiz frankotar gudariarenak, emakume edo gizonarenak, zahar eta gaztearenak, sorginarenak bezala laminarenak (errekaratu aurretik), guztiek uxatuko gintuzkete XXI. mendeko sudur finok. Musulmanak bide ziren salbuespena; Enekoren amak zirudien behintzat pertsona garbi bakarra.

Betiko galdu dira usain asko. Eta haiekin batera, gure memoria. Bakarren bati aditzen nion lehengoan bestelako usaina zutela garai bateko autoek. Eta halaxe gogoratzen dut nik ere. Ez derrigorrez txarragoa, baina bai desberdina. Barkuek ekartzen zuten gasolio kiratsa aipatu zidan beste batek, ferry bateko bidaiari guztiak botaka jarri ohi zituena. Nik ez dut halako memoriarik. Tabernetako lurrean libre botatzen genuen zikinkeria guztiarekin nahastu eta garbitzeko erabiltzen zen zerrautsaren usaina bai, hori gordetzen dut burmuinaren zokoren batean. Eta Oria ibaiaren kiratsa. Hori desagertu da. Eskerrak.

VIII. mendetik hona askotarikoak izan dira galerak: gure mitoak, sinesmenak, basoak eta leizeak galdu ditugu, santu, erlijio, AHT eta eliza arrotzen truke. Nafar erresuma zalerik nostalgikoenak ere onartuko dit, hala ere, eguneroko dutxak eta desodoranteak, oinarrizko eskubidea ez ezik, obligazioa ere beharko luketela euskal errepublika berrian.

Search