Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Usteak eta ustelak

Beste inork baino hobeto, norberak daki zer uste duen eta zer ez; zer desio duen eta zer ez; zer erabaki duen eta zergatik. Oro har onartu egiten da hori, herri psikologiaren printzipio gisa. Psikologoek ere onartzen dute introspekzioa dela norbere gogoan gertatzen direnak jakiteko biderik ziurrena. Norberak bere gogo-egoeratarako duen sarbide pribilegiatuaz hitz egiten dute gogoaren filosofoek. Arrazismoa bezalako gaiez ari garela, ordea, ez dago argi norbera denik bere uste eta iritziei buruzko informazio iturririk fidagarriena.

Introspekzio ariketa eginda, nire baitan ez dut topatu uste arrazistaren aztarnarik. Esaten didatenagatik juzgatu behar badut, inguruan ere ez dut inoiz lagun arrazistarik izan. Inork ez dit inoiz halakorik aitortu behintzat. Eta ez daukat arrazoirik nire aurrean beren usteak ezkutatzen aritu direla pentsatzeko. Dirudienez, gainera, arrazistak gutxi dira geure artean, eta ondo identifikatuta dauzkagu espainiar eta frantses muturreko eskuineko alderdi politikoetan. Gora gu eta gutarrak!

Lehen pertsonaren ikuspegi pribilegiatua alde batera utzi eta hirugarren pertsonaren begirada hartuta, paisaia ez da horren idiliko agertzen, hala ere. Etxean entzunak dauzkagu (eta guk esanak) «koreano» eta «belarrimotx». Etxetik gertu «mairu», «ijito» edo «sudaka», Afrika Ebrotik behera hasten dela eta antzekoak. Gero eta gutxiago, egia esanda. Kezkagarriagoa da, nik uste, azken aldian indarra hartzen ari den beste iritzi bat. Euskararen etorkizunaren ikuspegitik, problema ez omen dira hizkuntza politika eraginkorrak ezartzeko botere politikoaren falta, euskara gutxiesten duten marko juridiko-politikoak, botere judizial euskarafoboa, lider politikoen kontzientzia linguistiko eskasa edo euskal burgesiak hizkuntzari egiten dion traizioa. Problema da immigrazioa. Eta immigrazio esaten diogu Espainia eta Frantziaz kanpokoari, jakina. Problema dira basoerdia euskaraz zerbitzatzen ez dakiten zerbitzari beltz edo errumaniarrak; ez kontratatzen dituzten bertako ostalari erdaltzaleak. Argi ibili: infernua ez dira besteak. Gugan dago.

Search