Hogeita sei urterekin bere bizkarrean bost disko eta hainbat kolaborazio zein lan azpimarragarri daramatzan Laura Marling musikari ingelesak bere seigarren lan luzea, Semper Femina, izango denaren aurrerapen singlea argitaratu zuen, atzo, beraxek zuzendutako lehen bideokliparen irudiekin lagunduta. Azken diskoko kantu ia errezitatuetatik, atzera, kantatzeko modu melodiotsuago batera itzuliko dela pentsa liteke, ordea, azken disko hartan garatutako heldutasuna bazterrean utzi gabe. «Emakumeei, generoari eta sexualitateari» eskainitako diskoa izango dela aurreratu du Marlingek. Hain zuzen, azken aldi honetan podcast bilduma periodiko bat argitaratu du abeslari ingelesak, sorkuntzaren feminitateari buruzkoa, Reversal Of The Muse izenarekin.
"Soothing" da aurrerapen kantuaren izena: jazzera hurbiltzen den giroa sortzen duen kantua, gertutasuna eta sentsualitatea nagusi dituzten irudiez lagunduta.