Bata rock doinuen edale eta gitarraren hots zikin zein ahots indartsua lagun, bestea Hip Hop eta R&Baren harrobiko beatmaker eta produktorea. Pelax eta Telmo Trenor musikari donostiarrek indarrak batu dituzte eta beren ohiko eremutik bestearenagana gerturatu dira, lau kantuko EPan egin dutelarik azkenean topo. Lau kantuko bildumak, bi kantu borobil dakartza: 'Estanpa' eta 'Sugea'. Bestetik, Fermin Muguruza eta Dut-ek elkarrekin ateratako Ireki Ateak (1997) diskoko 'Lukrezia' kantuaren bertsioa, eta, azkenik, abesti arruntetik baino, poesia musikatutik gertuago dagoen EPa ixten duen 'Bizi' izenekoa.