Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Erreparoak

Sarean topo egin dut albistearekin. Antza, Britainia Handiko ikastetxe batean inteligentzia artifizialak ordezkatuko du irakaslearen lana, eta azken hauek gainbegiratu baino ez dute egingo. Hori da berriaren muina modu laburtu eta sinplifikatuan. «Besterik ez genuen behar!». Agian ez jakintasunagatik, teknologia berriei erreparoz begiratzeko joera daukat, nork eta zertarako sortu eta zein eragin izan ditzakeen jakin edo ulertu arte. Jakin badakit, zentzu askotan mesederako direla, eta gure egunerokoan txertatu dituzten erraztasuna onartzeko erreparorik ez dut. Uste dut, ordea, esperantza gehiegi jarria dugula egun nonahiko bihurtu den adimen artifizialean.

Munduan barna milaka eta milaka ikertzaile ari dira une honetan hura nola aplikatu asmatu nahian, ezagutza aurrera egiten duen heinean errazagoa delako haren aplikagarritasunean asmatzen eta, zergatik ez esan, modan jarri delako ere bai, ikerketa arloan ere badirelako boladak. Adimen artifiziala gizarte zientzien eremutik ikertzen ari diren ikerketei erreparatu diet gehiago, eta hortik agian nire erreparoak. Horietako asko ez direlako oso baikorrak. Jakina da, teknologia hau datu kantitate handiak arakatu ondoren sortzen dituzten patroietan oinarritzen dela eta, datu horietan genero arrakala badago, haiek errepikatu ez ezik, areagotu ditzaketela. Esaterako, adimen artifizial sortzaileak emakumeak ezaugarri batzuekin lotzen ditu eta beste batzuekin gizonak, baita emozioen eremuan ere; genero estereotipoak, beraz, oinarrian eta oinarrizkoak ditu.

Aditu hainbat ahotsa altxatzen hasi dira eta teknologia hauen diseinuan nork parte hartzen duen eta haren garapena nork gidatzen duen kontuan hartu behar dela nabarmentzen hasi dira. Sortzen dituzten edukien arloan ez ezik, haren jatorri eta garapenean ere arreta jarri behar omen da, hobetzeko edo berri bat sortzeko. Beraz, agian punta-puntakoa da adimen artifizialaren bidez irakaskuntza, baina nik nahiago begietara, eta ez datuen azterketa hutsean oinarrituta, begiratzen eta aztertzen nauen pertsonaren irakaspena.

Search