Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Itxaron ezin

Eskuan hasi eta besabururaino igeltsua jarrita atera da gaztea medikuaren kontsultatik; itxarongelan geunden guztiok begiratu diogu pena apur batez eta «eutsi goiari!» ezti bat adierazi diogu begiradaz. Zinez, atsekabetuta irten da, itxura guztien arabera, udan ezingo baititu egin sasoi honetan ohikoak diren ekintzetako asko, edota egitekotan trakets samar egin beharko ditu. Medikuak txostena noiz idatziko, berriz ere eseri da gurasoekin batera burumakur itxarongelan. Haren besoari eta atsekabeari askorik ez dio erreparatu, ordea, alboan eserita dagoenak.

Nork berea du, noski, baina okerrenera ere egun batzuetan osatuko zaion semea oraindik ere medikuek ez dutela ikusi kexu ari zaio telefonoz senide edo lagun bati guztiok entzuten dugula, eta mutikoak futbol partida ikusi nahi duela ere kontatu dio, behar baino ozenago dena. Itxarongelan bada telefono mugikorrak ez erabiltzeko dioen kartela, baina deia amaitu bezain laster, deika hasi da berriz; orain bideodeia du. Semearen egoera hitzez azaltzearekin ez du nahikoa, eta irudiz erakutsi nahi dio telefonoaz bestaldera dagoenari, han batuak geunden askoren ernegurako; patxada ere sendagarri baita. Erizaina etorri denerako, gehiago dira telefonoa eskuetan elkarrizketan ari direnak, eta horregatik ohi baino baxuago esan du gaixoaren izena, arreta deitu gabe arreta deitu nahian, alegia, baina ez inork ez dio entzun, ezta burua luzatu eta begiak zabal-zabal entzuteko ahaleginean ari direnek ere. Eta joan egin da, hasperen sakona eginda, hura ere kexu eta marmarka. Haserreak haserre, berriz bueltatu behar izan du eta ozenago errepikatu txanda zegokion haurraren izena.

Ez dakit nola sortu eta zabaldu den egiten dugun edo geratzen zaigun guztia kontatzeko behar etengabe eta eutsiezina; noiz bihurtu diren itxarotea eta mugikorra bata bestearen segidako keinu, noiz galdu dugun gure hizketaldiak inguratzen gaituzten guztiei zabaltzeko erreparoa, baina zabaldu eta errotu dira eta berdin osasun zentroan, tabernako mahaian edota autobusean.

Search