Maria  del Rio
Maria del Rio

Auzitegien praktika

Aste honetan Dani Alvesen kasua pil-pilean egon da. Berriro ere sexu-indarkeriari buruz hitz egin da komunikabideetan; eta, kasu gutxi batzuetan bada ere, adostasunari buruz, genero ikuspegiari buruz eta sexu-askatasunaren aurkako delituen biktimei ematen zaien arretari buruz ere hausnartu dute.
 
Futbolariarena, gainera, esanguratsua da. Alde batetik, izandako oihartzunagatik; ez da, tamalez, futbol munduan  gogora dezakegun kasu ezagun bakarra. Izan ere, kasu horietan azpimarragarria da aitortzen zaien erreferentzialtasuna eta horrek biktimekiko sortzen duen botere desoreka nabarmena. Beste alde batetik, deigarria da Alvesena, «soilik bai da bai» legearekin epaitu zen lehen kasu mediatikoa izan zelako. Azkenik, esanguratsua da kasuari lotuta bi epai eta bi balorazio hain desberdin egotea, gertakariak eta frogak berberak izan arren. Horrek hautsak harrotu ditu, zalantza barik. Izan ere, lege berarekin egindako interpretazioak desberdinak izan dira; hasierako epaiarena eta errekurtso ostekoa. Hortaz, begi-bistakoa da fokua ez dela horrenbeste legean jarri behar, baizik eta auzitegien praktikan.

Berriki ezagutu den azken absoluzio-epaiak eta erabilitako arrazoibideak ez dute irizpide izan behar gainerako kasuetan. Hori horrela bada ere, ukaezina da balizko biktimengan eragin negatiboa izan dezakeela. Nahiz eta sexu askatasunaren kontrako delituetan eztabaidaren ardatza zigorren iraupenean izan ohi den, beste zenbait gairi erreparatzea funtsezkoa da. Hau da, benetako eztabaida honako hau izan beharko litzateke: legea aplikatzeko baldintzak ematen dira? Esaterako, azken ikerketek diotenaren arabera, sexu-indarkeria bikotetik kanpo jasaten duten emakumeen %8k soilik salatzen dute. Zerk urruntzen ditu sistematik? Zer egin daiteke horren aurrean? Eta, zer egiten ari gara? Logika «neutro» batetik harago epaietan genero-ikuspegia, ikuspegi intersekzionala eta biktimologikoa txertatzea lortzen ari da epai guztietan? Neurriak hartzen ari dira horretarako? Oraindik asko dago hausnartzeko eta egiteko emakumeen eskubideen defentsan.

Search