Maria  del Rio
Maria del Rio

Berotasunetik haratago

Hirietan segurtasunari buruz ugari hitz egiten hasten garenean, oso kontu zehatzengatik izaten da; segurtasun ezaren pertzepzioa areagotu delako, bai alarma eragin duen delitu larriren bat burutu delako, bai auzo jakin batean gatazkak areagotu direlako, edo Udaltzaingoaren ekintza eztabaidagarriren bat ezagutu delako. Beraz, beroan eta beharrezko erremintarik gabe lantzen den gaia izaten da. Ohikoa da argudio populistetara jotzea, baita kutsu xenofobo edo estigmatizatzaileko diskurtsoetara ere.

Hori dela eta, ulergarria da askok eztabaida bera arbuiatzea eta parte hartzeko errezeloak izatea; finean, «sutara egur gehiago botatzea» saihestu nahi izatea, bereziki, proposamen eztabaidagarriak plazaratzen hasten direnean. Hala ere, beldurrik gabe ekin beharreko debatea da. Hori bai, logika integral batetik, eta ekintza polizialaz haratago, baina hori alde batera utzi gabe. Beharrezkoa da, gainera, ezohiko izaten den ikuspuntu zientifikoa hartzea, aurretiko esperientzia arrakastatsuen ereduetan oinarrituta, baita aurrezaintzari lehentasuna emanez ere. Gainerako politika publikoetan bezala, herritarren parte-hartzearekin, ikuspegi komunitario batetik, gardentasunez, eta eskubideak bermatzeko helburuarekin.

Epe luzerako eta sakoneko begirada eskatzen duen debatea da, beraz. Egun ematen ari denetik oso urrun dagoena. Batetik, aurrean dugun arazoa ondo ezagutu eta ondo definitu beharra dago; esaterako, bizikidetza-gatazkek erantzun berezituak eskatzen dituzte, dena ezin baita modu berean artatu. Bestetik, errezeta errazak tentagarriak badira ere, ez dira aproposak arazo oso konplexu bati erantzuteko. Bereziki, segurtasuna ekintza poliziala baino gehiago dela onartzen badugu. Segurtasuna, askatasunak eta eskubideak askatasunez erabili ahal izateko berme gisa azaldu ohi da. Baina ikuspuntu hori osatzeko, kontuan izan behar da gizarte politikak, etxebizitza- eta hirigintza-politikak, birbanaketa-politikak eta abar ezinbestekoak direla segurtasuna bermatzeko. Horien faltak segurtasun eza ekartzen du gure bizitzetara.

Search