Maria  del Rio
Maria del Rio

Elkar ulertuz

Artikulu hau idazten hasi naizenean, Korrikarako 28 egun, 4 ordu eta 3 minutu falta dira, bere web orriaren arabera, eta jada euskararen aldeko ekimen erraldoi horren atarian gaudela nabaritzen hasia da. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzeko une egokia, beraz. Inoiz ez dago sobera mahai gainean jartzea euskalduntze politika publikoetan aurrerapauso erabakigarriak emateko beharra dagoela. Izan ere, azken urteetan indarberritze bultzada ahuldu da eta. Orain matrikulazio epean gaudela, gogoan izan behar dugu honetan ere eskolek bakarrik ezin diotela helburu horri heldu, ikuspegi orokorrago bat garatzen ez bada.

Hartu beharreko neurrien artean oinarrizko ikastaroen doakotasuna bermatzea lehentasuna da. Unibertsaltasunerako pausoak ematea izan behar duelako helburuak. Hau da, euskara ikasi nahi duen orok horretarako aukera izatea ezinbestekoa da. Betiere, erraztasunak eskainiz eta izan daitezkeen muga administratiboak lausotuz. Euskararen aldeko apustu horren xedea ez da soilik etorkizuneko hiztunak bultzatzea. Bada ere, gero eta eleaniztunagoa den testuinguru batean elkar ezagutza eta ulermena sustatzea. Horrela, bide batez, euskaldun guztion hizkuntza eskubideak errespetatzea ahalbidetuko litzateke.

Elebitasun pasiboa bezala ezagutzen dena, hau da, euskaraz ulertzeko gaitasuna izatea, baina hitz egiteko zailtasunak izatea, dirudiena baino garrantzitsuagoa da. Aukera ematen baitie euskal hiztunak direnei euskaraz aritzeko eta, bide batez, ikasten ari denarentzat sakontzen jarraitzeko abagunea da. Ezagutzan hobetzeaz gain, erabileran azkartzeko aukera ere bada. Euskaraldia ekimenaren bitartez ikasi eta bizi izan genuen «belarriprest» parte hartzaileen garrantzia. Eta ulertu genuen Bilbon ere euskalduntze prozesua ez zela mitoa, benetan euskal hiztun gehien dituen hiria dela, eta, sakabanatuta bagaude ere, posible dela horiek aktibatzea. Dudarik gabe, horretarako, administrazio ezberdinen koordinazioa ezinbestekoa da. Ez hori bakarrik, konpromiso gehiago ere behar dira. Ulertuz, badela ere gizarte kohesio eta integrazio tresna.

Search