Maria  del Rio
Maria del Rio

Giza eskubideak pandemia garaian

Helduen %8k baino ez dute jaso txertoaren dosi bat diru-sarrera txikiko herrialdeetan; aldiz, %65ek jaso dute diru-sarrera handiko herrialdeetan

Giza Eskubideen Egunean, abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zen eguna gogoratzen da. Aurten, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak jarri dira erdigunean, giza eskubideen ardatz nagusi gisa. Kanpainaren gako nagusiak hauek dira: gazteentzako aukera-berdintasuna, justizia klimatikoa bultzatzeko berdintasuna, diskriminaziorik  eza eta berdintasuna gatazkei aurrea hartzeko, edo berdintasuna pobrezia-zikloekin amaitzeko tresna gisa. Halere, munduan txertaketa hasi zenetik urtebete igaro denean, covid-19aren txertoa banatzean sortutako desberdintasunak eta bidegabekeriak bereziki azpimarratzen dira.

Munduan, covid-19aren aurkako txertoa lortzeko aukera oso desberdina izan da batetik bestera. Helduen %8k baino ez dute jaso txertoaren dosi bat diru-sarrera txikiko herrialdeetan; aldiz, %65ek jaso dute diru-sarrera handiko herrialdeetan. Egoera horrek, bidegabea izateaz gain, ondorio arriskutsuak ditu mundu guztiarentzat. Askoz ere aukera gehiago daude Omicron bezalako aldaera berriak sortzeko txertatu gabeko populazioen artean, eta hori guztiontzako mehatxua da.

Txertaketa arloko desberdintasunak ez dakar soilik eragin larria osasunean, bestelako inpaktuak ere baditu; esaterako, pandemiaren lehen olatuetatik nabarmen aldentzen diren susperraldi ekonomikoak bultzatzen ari dira. Ondorioz, garapen bidean dauden herrialdeak atzerago geratzeko arriskuak areagotu dira. Ekonomiaren eraginei dagokienez, WorldUnequalityLab-en txosten berriak azpimarratzen du azken bi urteetan errenten kontzentrazio-prozesua bizkortu egin dela, eta mundu polarizatuagoa dugula orain.

Finean, pandemia amaitzetik urrun gauden honetan, bistan gelditu da egoera honek ezberdintasunak sortzen dituela, eta horien kalteak mingarriak eta onartezinak direla. Frogatu da, halaber, giza eskubideen aldeko neurriek seguruago eta indartsuago egiten gaituztela. Horrela, ezinbesteko pausoa da behingoz txertoak eta tratamenduak guztiontzat eskuragarri egotea, inolako diskriminaziorik gabe.

Search