Bizilagunek obrak bukatu dituzte behingoz. Aste batzuetan, alde batekoak zein bestekoak berriztatze lanetan aritu dira eta erreforma horiek, noski, txikitze lan zaratatsuak ekarri zituzten. Erabaki guztiz ulergarria da eraberritzea etxe bat erosten denean, batez ere, eraikinaren adina kontuan hartuta. Hala eta guztiz ere, oso gogaikarria izan da eta gure bizitzetan espero genuena baino eragin handiagoa izan du. Ohikoa izan arren, egoera honek gogora ekarri dit zarataz inguratuta bizitzearen ondorioei gutxitan erreparatzen diogula.
Soinu kutsadurak eragin nabariak ekar ditzake entzumenean eta loak hartzeko zailtasuna eta estresa sortu ditzake, baita ezezagunagoak diren beste albo kalteak ere, hala nola bihotzari, digestioari edota arnas sistemari dagozkionak; eta giharretako mina ere eman dezake, tentsioaren ondorioz. Jakina, eragin psikologikoa ere badauka, denboraren poderioz. Hortaz, kutsadura honek gure osasunean izan dezakeen eragina serio hartzeko modukoa da. Egun, –ia– inork ez du zalantzan jartzen kutsadura atmosferikoa osasun publikorako arazo bat dela, baina oraindik ibilbide luzea egiteko dago zarata aintzat hartzeko. Zaratari buruzko lege ugari ditugun arren, herritarren eta erakundeen sentsibilitate falta nabaria da. Zarata komunitatean bizitzearen ondorio saihetsezintzat hartzen da.
Arazo horren foku nagusia ez dira, jakina, etxebizitzetako obra puntualak. Iturri nagusia, zalantzarik gabe, trafikoa da. Eragin handia izan dezakete ere bide publikoan egindako obrek, sirenek eta alarmek, zamalanek, jarduera industrialak eta gaueko aisialdiak. Finean, gure hirietan benetan zaila da kutsadura akustikoa ekiditea eta, noski, horren ondorio kaltegarriez libratzea. Badira edonori bururatu ahal zaizkigun neurriak, besteak beste, trafikoaren abiadura mugatzea, garraio publikoaren eta bizikletaren erabilera sustatzea edo eraikinen isolamendua sustatzea. Hala ere, eztabaida soziala eta sormen handiagoa beharrezkoak dira errotuta ditugun ohituretan aldaketa nabariagoak lortzeko, batik bat, gaueko aisialdiaren kasuan.
Isiltasunaren bila
Gure hirietan benetan zaila da kutsadura akustikoa ekiditea eta, noski, horren ondorio kaltegarriez libratzea