Maria  del Rio
Maria del Rio

Zintzotu beharreko emakumeak

Zigor sistema bereziki gogorra da emakumeentzat eta, halere, oso gutxi aztertzen da espetxeen barruko egoera; ikusezinak dira.

Torturaren Prebentziorako Batzordeak txosten bat argitaratu berri du, non Espainiako agintariei neurri zehatzak har ditzatela eskatzen dien espetxean tratu txarrak saihesteko eta tratu txarren kasuak modu eraginkorrean ikertzen direla bermatzeko. Era berean, preso zaurgarriak artatzeko moduak hobetzeko neurri sorta proposatzen du. Gainera, txostenean badira bestelako neurriak polizia, adingabeen zentroak eta espetxeetako ospitale psikiatrikoak kontuan hartzen dituztenak.

Oraingoan, txostenak espetxean dauden emakumeen inguruan egiten duen hausnarketan erreparatu nahi dut. Eskaera argia da: espetxe politikak genero ikuspegia hartzea, hots, emakume presoen beharrizan zehatzak kontuan hartzea. Arrazoia argia da; emakumeak espetxe-biztanleriaren gutxiengo txiki bat dira, espetxe sistema gizonezko preso estandarretara egokituta dago, eta ez dira emakumeen premia espezifikoak kontuan hartzen. Egiaztatuta dago preso dauden emakumeen artean egoera horretan dauden gizonen artean baino buruko gaixotasun, droga-mendekotasun eta autolesio kasu gehiago izaten direla; gainera, emakume horietako asko sexu indarkeriaren eta beste genero indarkeria mota batzuen biktimak izan dira.

Zigor sistema bereziki gogorra da emakumeentzat eta, halere, oso gutxi aztertzen da espetxeen barruko egoera; ikusezinak dira. Jakin badakigu espetxeak gure gizartean jada existitzen diren diskriminazio mekanismoak errepikatzen eta zabaltzen dituela. Ondorioak argiak dira, esaterako, ostatu-baldintza okerragoak, familia ingurunetik eta babes ingurunetik urrun egotea, profil kriminalen nahasketa... Horrez gain, emakumeek jasotzen duten estigma askoz handiagoa da, bereziki, kontuan hartuta ezin izango dutela zaintza lanik aurrera eraman. Adierazgarria da, halaber, nola txostenak gomendatzen duen balio profesionaleko jarduera eta ikastaroak eskaintzeko, eta ez soilik genero-estereotipatutako ikastaroak, josketa eta sukaldaritza kasu. Izan ere, ondoriozta daiteke kartzela sistemak, rolak erreproduzitu ez ezik, emakumeak zintzo bihurtu nahi dituela.

Search