Gerra guztietan izaten dira albo-kalteak, eta Trump administrazioak Etxe Zurira iritsi eta berehala abiarazi duen merkataritza gerra ez da salbuespena izango, alafede. Alderantziz: «albo-kaltea» besterik izango ez duen eta gehixeago edo gutxixeago guztiak kaltetuko dituen zerbait ikus dezakegula da nire errezeloa. Batek dakielako zer den itu eta zer den «albo» gerra horretan. Are gehiago, erasotu guztien kalterako ez ezik erasotzailearen beraren galbiderako ez ote den izango.
Ontzat emateko moduko arrazoibiderik eta araubide garbirik gabe ezarritako muga zergen ondorioz, mundu osoak, labur esanda, ebazten du jada galerak nozituko dituela AEBrekiko tratuan. Ikusiko dugu munta bertsuko irabazirik izaten duen hark. Zero baturako egitasmoek maiz lortzen dute bestelako emaitzaren bat, gehienetan beherantz.
Eta Europa ustetsuak bere buruari –eta ez beste ezeri– erreparatzen badio ere, esan behar da, II. Mundu Gerraren ifrentzua bailitzan edo, Asiako «frontea» latzagoa eta hilgarriagoa izan daitekeela gerra honetan. Merkataritza zifrak aintzat hartu besterik ez dago.
Vietnamen kasua har genezake adibidetzat: BEZa (Trump administrazioak muga zergak ezartzeko darabilen arrazoibidea) %10ean du; AEB du bezero nagusia (esportazioen %28, 2023an); baina Estatu Batuei saltzen dienaren zazpirena baino ez die erosten. Ez horren nabarmena, baina eredua bertsua da mundu-parte hartako herrialde guztietan: BEZ apala, merkataritza balantza biziki negatiboa AEBrentzat eta, Hego Korea eta Malaysiaren kasuan izan ezik, Estatu Batuak dituzte bezero nagusi.
Bereziki kezkagarria suerta daitekeen kasua da Bangladeshena: bezero nagusia AEB du..., hornitzaileen zerrendan agertu ere egiten ez dena. «Zorionez», bezeroenean, Estatu Batuen ondoren eta ez urruti, lau herrialde europar ditu, esan gabe ulertzen dugunagatik. Bizi duen kinka politikoan, merkataritza krisi baten akabua izan liteke han.
Haatik, batzuen kezka bakarra da horrek guztiak Txinaren besoetara bultzatuko omen dituela.