Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Hobbes Langleyn

Ez da ohikoa jardunean ari den espioi-buru batek bere gogoetak luze eta zabal («eta zintzo» gehitzea inozokeria izango litzateke) jendaurrean azaltzea. Are gutxiago munduko espioitza antolakunde zuzkituenaren buru denean. Beraz, horregatik besterik ez bada ere, mereziko luke arreta William J. Burns, CIAren zuzendariak "Foreign Affairs" ospetsuan argitaratu berri duen "Spycraft and Statecraft. Transforming the CIA for an Age of Competition" artikuluak. 4.000 hitz, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Komeniko da bere testuinguruan –igarri behar zaionean– interpretatzea. Mundu osoan tentuz irakurriko dela jakingo zuen arren, «etxerako» idatzita dago Burnsen artikulutzarra. Eta aurrekontu zuzkidura jasoagoa eskatzera datorren usaina dario alde guztietatik. Esan ere esan egiten baita, pasaeran bezala: «Lehentasunak ez dira benetakoak, aurrekontuetan gorpuzten ez badira».

Endemas, aldi berberean, FBI ere plazaratu da, Txinatik omen letozkeen hacker-gaiztakeria ikaragarriei aurre egiteko behar lukeen zuzkidura aldarrikatuz ia deiadarka. Biek ala biek jakingo dute elkar hartuta ari diren, edo diru-tapaki bakarrari alde banatara tiraka. Nolanahi ere, erkide dute estakurua: Txina. Eta Errusia harekin batera.

Burnsen testua berritasun bila irakurtzen duenak desengainua eramango baitu. Apenas dagoen berria dei genezakeen ezer. Biden administrazioaren erretolika geopolitiko klasikoenaren topiko guztiak beretzen ditu lehendik ere halakoak jaulkitzen eskarmentua sobera duen goi-funtzionarioak. Irakurleak eskarmentudunak izango dituela jakinik, haatik, arrazoibide zabarrenak ere apenas erabiltzen dituen: behin bakarrik aipatzen da, adibidez, demokrazia-autokrazia banalerroa, pasaeran. Baita terrorismoa ere.

Orduan, non legoke artikuluaren garrantzia? Bada, espioitza zuritu ez, aldarrikatzera datorrela... nazioarteko harremanen osagai erabakigarria omen delako. Estatu Batuen nagusitasunari eustea helburu duela, bere kasuan, noski.

Estatua otsoa baita bere kidekoentzat, ulertu behar.

Search