Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Xaman digitalak

Egunero zerbait ikasi behar eta, aurtengo uztailaren 19an jakin dugu urdina dela heriotza digitalaren kolorea. Betidaniko beltza gutxietsita sentitu ez dadin edo, hala ere, ba omen dira Josafateko berriak emateko kolore klasiko hori erabiltzen duten pantailak. Bejondeigula.

«Ostiral urdina» edo «2024ko Crowdstrike gertaera» deitu beharko den mundu mailako lehen anabasa informatiko orokorra onbideratu ahala, gogoetak egiteko unea heldu da. Eta bakoitzak zauria duen aldetik ekin beharko dio, noski.

Txanponen saihetsa izango dute minbera batzuek, jakina. Dozenaka mila milioi dolarren kontuak entzuten baitira han eta hemen, eta ez da hori huskeria izango kalteak bete-betean harrapatu dituenarentzat. Baina lotuko dute kate motzean. Argibiderako: kontratuari men eginez, goizetik gauera ospetsua egin zaigun Crowdstrike konpainiak bere bezero ahaltsuei (hau da, anabasa sortu, nozitu eta ordaindu beharko luketenei) ditxosozko «antibirusagatik» ordaindu ziotena besterik ez omen die itzuli beharko... Beraz, ez dezagun espero haiek ere eskuzabalak izango direnik.

Kaltea beren zerbitzu publiko baten arretan nozitu zuten oinezkoak izango dira, betiere, kalteordainen soka horretan azkenak. «Sentitzen dugu; berriro gerta ez dadin ahalegina egingo dugu» esaten bazaie, zorionekoak.

Burutazio filosofikoetara edo garamatza horrek. Microsoft deritzon enpresa bakar batek bikaintasun osperik ez duen Windows izeneko produktu batekin kudeatzen ditu munduko erabakigune kritiko asko eta asko, Crowdstrike bezalako baliabide enigmatikoen «laguntzarekin». Pantaila urdina agertu arte. Monopolioaren arriskuak ezezagunak bagenitu bezala.

Deigarriena da, haatik, Crowdstrike horri, eta haren nagusi ditugun G. Kurtz eta D. Alperovitch jaunei, zein arreta gutxi jarri zaien, gertatu denaren ondoren ere. Haien asmazioak lau haizeetara zabaldu dituztenek ere ez dituztela ezagutzen ematen du.

Xamanen patua izango da, aro digitalean ere: xamanaren kobazuloan gordeta egon behar du beti botereak.

Search