ttiklik blog naiz

Beldurrak

Goiberri 2016/05/20

Beldurrez josita nago. Beldur txiki, ertain eta handiz. Txakurrei beldurra izatetik hasita … hegan egitetik pasatu … eta heriotzaraino. Gizakiok dugun beldur handienetako bat maitatua ez izatea omen da. Hori ere badut.

Bizitzan daramagun erritmoa dela eta askotan ez gara konturatzen beldur hauek zenbateraino mugatzen duten gure egunerokoa. Baina geratu eta hausnartzeko minutu batzuk hartuko bagenitu, segituan konturatuko ginateke zenbat gauzari uko egiten diogun beldur hauek direla medio. Baztertuko gaituztenaren beldurra, zer esango duten edo porrot egiteko beldurra izaten dira normalean.

Identifikatu gabeko beldur ezkutu asko izaten ditugu. Askotan ez gara kontziente beldur hauek zein diren. Horregatik, gure portaerak aztertu, gure sentimenduei kasu egin eta poliki –poliki beldur hauek identifikatzen hastea beharrezkoa da. Beldurrak, oinarrian, ez dira txarrak. Gu babesteko daude.Beldurra dela eta badakigu leku batzuetan kontu gehiagorekin ibili behar garela, bizirauteko sortua bait da (gaur egun ez dugu beldurra gure arbasoek bezala, lehoi batengandik alde egiteko erabiliko, baina beste mila gauzetarako erabili dezakegu, eta babestuko gaitu). Beldur erreal eta positiboak dira hauek. Badaude, hala ere, beste mota bateko beldurrak, gezurrezko beldur edo irrealak. Hauek kalte egiten digute, gure bizitza kalitatea murriztuz. Eta ez dakizu ondo nola!

Beldurra onartzea da gakoa, detektatuinterpretatu eta sailkatu behar da. Beldur hori dugula onartzean,beldur horrekin bizi nahi dugun, ‘bidelagun’ izango dugun edo gainditu nahi dugun erabaki beharko dugu.Beldurrarekin bizitzea erabakitzen badugu, inoiz ez dugu benetan nahi dugun hori egitea lortuko.Beldurrak geldiaraziko gaitu eta ez gara erabateko zoriontasuna sentitzera iritsiko.

Bidelagun izango bada, modu positiboan erabiltzen ikasi beharko dugu. Beldur hori hor dagoela, existitzen dela onartu behar da eta kontziente izan gure bizitzako zein arlo mugatzen duen. Lehen aipatu dudan bezala, txakurrei beldur izugarria diet. Badakit ez naizela komodo sentitzen txakurren bat gertu izanda. Hortaz, txakurrak dauden lekuetara joateari ez diot utziko, baina ez naiz nahita urbilduko txakurrak dauden leku batera. Ez dut momentuz beldur hau gainditzeko gogo, indar edo beharrik. Badakit hor dagoela, etaonartzen dut.

Beldurra gainditu nahi bada, aurre egin beharko diogu. Beldurra ematen digun hori egitea lortu behar dugu. Honela, bere indarra gutxitzeaz gain, beldur mugatzaile hori gainditzea lortuko dugu, eta bide berean, gure bizi-kalitatea hobetzea lortuko dugu; autoestimua indartuz eta gauzak egiteko gai garela sentituz.

Gainera, beldurrari aurre egiten diogun momentuan, benetan gertatzen denarekin baino, irudimenean dugunarekin gehiago sufritzen dugula konturatuko gara. Irudimenean dauden beldur asko existitzen ez direla konturatzea ezinbestekoa da, beldur hauek beharrezkoa ez den sufrimendua dakarte eta.

Nelson Mandelak esaldi honek dioen bezala, “Adorea, beldurrari irabaztea zela ikasi nuen, ez beldurrik ez izatea. Ausartena ez da beldurrik sentitzen ez duena; ausartena beldur hori menderatzen duena da ”

Beraz,

‘egin, eta beldurra ematen badizu, egin beldurrarekin’

 
Itxaro Mendizabal Amundarain
Goiberri 2016/05/20

 

LOTURA DUTEN BESTE ARTIKULU BATZUK: