Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Hezkuntzaz galdezka

Euskal Herria ez da Ataun edo Zeanuri bakarrik; Castejon eta Maule ere badira. Horko ikasle gehienek euskararekin gutxieneko harreman bat izatea itzelezko lorpena litzateke.

Lehengo batean irakurri nuen matrikulazio kanpaina hasten denean hezkuntzari buruz idaztea literatura genero bat bihurtzen dela gure artean. Eta horrelaxe izan da, EAEn behintzat, 1983ko Euskal Eskola Publikoaren Legea ebatzi zenetik hona. Hala ere, nago eztabaidaren parametro batzuk askotan errepikatzen direla eta, aldiz, beste batzuk ez direla behar beste agertzen.

Horrela, Euskal Hezkuntza Sistema eta euskara harreman automatikoan jartzen dira beti, normalena balitz bezala ikasleak euskaldunak izatea. Adibide bakarra ipiniko dut: Corellan G ereduan dauden umeen ikastetxeak Euskal Hezkuntza Sistemaren parte dira, ezta? Bada, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da bertan. Orduan, euskara eta hezkuntza harremanetan ipintzen ditugunean, alboratu beharko genuke D eredua nagusi (edo bakarra) den eskualdeetatik soilik hitz egitea. Euskal Herria ez da Ataun edo Zeanuri bakarrik; Castejon eta Maule ere badira. Horko ikasle gehienek euskararekin gutxieneko harreman bat izatea itzelezko lorpena litzateke. Gutxieneko horietaz ez da asko eztabaidatzen, ordea. Zein izan beharko litzateke estrategiarik egokiena euskara ez dadin atzeman hizkuntza arrotz gisa?

Gogoeta gutxi azaleratzen da eskolaren zeregin moralaz eta politikoaz. Egungo Euskal Herriko haur batek ikasten badu herritar ona (hots, printzipio moral batzuen jabe) izaten, batez ere eskolan egingo du. Bertute zibikoak kasu gutxitan barneratzen dira familian, gutxiago lagunartean eta, are gutxiago, sare sozialetan. Nolako euskal herritarra hezi nahi dugu? Alde moral horrek harreman estuak ditu alde politikoarekin. Euskal Hezkuntza Sistema batez hitz egiten dugularik, balizko euskal estatu baten abaroan garatuko den ikastetxe sistema bat irudikatzen ari gara. Gizarte demokratiko guztietan horixe da eskolaren zereginetako bat: beren eskubideez eta betebeharrez jabetzen diren herritarrak sortzea, demokraziari gutxieneko leialtasuna diotenak eta bizikidetza balioesten dutenak. Estaturik ez dugu, baina bitartean zein motatako lotura zibikoak eta nazionalak ehundu beharko lirateke Euskal Herriko haur eta nerabeen artean?

Search