Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Kirola ala hil

Pauso, taupada eta kaloria kopurua, besteak beste, neurtzen didan aplikazio baten mendeko bihurtu naiz. Smartwatch batek bidaltzen ditu datuak telefonora, eta berarekin etengabeko borrokan ari naiz. Alferrik. Noizean behin atsedena hartu beharko nukeela diost, eta beste batzuetan, aldiz, ustezko sasoi adinean urte bat gehituta zigortzen nau. Aitor dut ditxosozko erlojua daukadanetik kirol gehiago egiten dudala, mugitzera behartuta sentitzen naizela, ulergaitza den autoritate goren eta ikusezin baten mandatuei men egingo banie bezala. Erlojuaren aurka dudan gerra horretan, irabazitako hamarkada bakoitza heriotzari berari irabazitako eremuaren zatia da. Ondorio horretara heldu naiz. Eta ez dut uste Amerika deskubritu dudanik.

Hasiera batean irudi lezake adin batera heldu eta osasun egoerari modu obsesibo batean adi egotea gauza logikoa dela. Baina gorputzak eta, ondorioz, kirolak jende xehearen artean hartu duen protagonismoa fenomeno berri samarra dela esango nuke. Historiari begiratu bat emanez, mendizaletasuna (eta naturarekiko lilura), adibidez, abertzaletasunak bere sorreratik bertatik bultzatu izan du. Nire belaunaldiko askorentzat «mendira joatea» kirol bakarra izan da urte askoan. Berez, ez zen kirola, bere hutsean. Baliabiderik ezean, aisialdiaren (batzuetan, militantziaren) funtsa zen eta jarraitzen du izaten.

Alta, indartu den kirol zaletasun amorratua, denak «extrem» marka eramatea, gihartsu agertu behar hori, gimnasioak tenplu berriak bihurtu izana… denak hitz egiten digu joera sozial berri batez. Zaharren kasuan, heriotzaren kontrako borrokaz, eta gazteen kasuan, jesarrita bizi den belaunaldi baten ezinegonaz. Bitxia da gorputz indartsuak modan ipini direla, noiz eta eskulanak nagusitasuna galdu duenean. Argal egotea modan jarri zen, gizarte aberatsetako biztanleok hozkailua beteta ikusten hasi ginenean. Horixe gertatu da kirolarekin, eta geldi egotea bekatu kapitala da. Endorfinaren bila omen goaz. Zeri ihes egiten diogun beste kontu bat da.

Search