Yasmine Khris Maansri
Yasmine Khris Maansri
Itzultzailea

Goitik behera, behetik gora

Iruñeko Laba elkarteko terrazan eseri nintzen lehengo batean, arratsalde bero batean. Gaztelu enparantzaren izkina ondoko luxuzko hotelarekin partekatzen du, bost izarreko bakarra. Karratu ederra diseinatzen dute balkoiek, 5X5=25ek plazara ematen dute. Garbiketako langilea batetik dabil, mustukarekin errautsa hegian geratu ote den. Xiup, xiup. Kopeta xukatu du, izerditan. Taberna bateko mahaitik barreak aditzen dira, gazte kuadrilla bat atera berri da ikasturte amaierako azterketatik. Gin-tonicak, zigarretak eta takoiak. Erratzarekin ari da orain emakumea, moldura galantak distirarazten. Artilezko panti txuriak daramatza, Mrs. Doubtfirek bezala. Burura etorri zaizkit filmetako mirabeak, obediente eta otzanak.

Lagunen zain, asteko irakurketa poltsatik atera dut: "Quarto de despejo", Carolina Maria de Jesus idazle brasildarraren bestsellerra. Benetako egunkaria da liburua, San Pabloko Carinde favelan bizi zen bitartean idatzia, 1955etik. «Favela da zaborra botatzen den patioa. Zerua izarrez beteta dago, eta nik zeruko zati bat moztu nahi nuke soineko bat egiteko», 32. orrian. Carolinak gorantz begiratzen zuen maiz, behean zegoena ahazteko. Hoteleko langileak hamar segundoz so egin zion kuadrillari, behera, propina uzten zuen bitartean.

Search