Yasmine Khris Maansri
Yasmine Khris Maansri
Itzultzailea

«Je suis» [biktima]

Charlie Hebdo”-ren aurkako atentatuaren biharamunean, musulmanei so egiten zieten. Espero zen haiengandik «banandu» egingo zirela, eta modu nabarmenean egingo zutela. Etsipena handia zen, zinez, eta uler dezaket musulmanekiko giro itogarrian oharkabean pasatzeko nahia. Eta Charlie zirela esanen zuten. Batzuek «gonbidapena» onartu zuten: gertakaria gaitzetsi zuten, musulman gisa.

Duela pare bat aste, nafar egunkari batek gutun bat argitaratu zuen. Autorea ariketa berean aritu zen, eta sumatu zuen beharra (zer bestela?) hau azpimarratzeko: «Garrantzitsua da gogoraraztea istilu horiek ez dutela magrebtar komunitate osoa ordezkatzen» eta Nafarroan «bizi diren magrebtar gehienak langileak direla, baketsuak eta gizartearen ongizatearekin konprometituak».

Paraleloa egin dezagun: KKK-ek kristau supremazismo zuriaren izenean beltzak urkatzen zituenean, inork ez zien eskatzen AEBetako elizgizon kristauei hori gaitzestea. Akaso, zure inguruko gizonek prebentziozko barkamena eskatzen dute feminizidio bakoitzean? Magrebtar komunitateari erasoak gaitzesteko eskatzea magrebtarrak etiketa kultural batean giltzapean sartzea da eta «komunitate arabiar» bati buruzko asmakeria sortzea ere bada, gizaki horien indibidualtasuna errespetatu beharrean.

Search