Oihana Llorente NAIZ

Eraso sexistak saihesteko aplikazio bat sortu dute Durangon

Thinkstockphotos-525963065
durango

Erastop du izena Durangoko Udalak sortu duen mugikorretako aplikazioak eta eraso sexistak saihestea du helburu. Hiru funtzio ditu aplikazioak. Lehena, une horretan erasoa jasaten ari den emakumeari ahalik eta laguntza azkarrena eskaintzea da. Botoi bat sakatuta, udaltzaingoari dei zuzen bat egingo dio aplikazioak eta barruan daraman geolokalizazioari esker, udaltzainek emakumea zehazki non dagoen jakin eta segituan gerturatu ahalko dute erasoa saihestu eta emakumeari laguntza eskaintzera.

Bigarren botoia, erasoren bat ikusten duten herritarrei zuzendua dago. Botoia sakatuta 112ra dei zuzena egingo du aplikazioak, eta beraz, erasoa sufritzen ari den emakumeari laguntza azkarra emateko modua da. Emakumeak erasoen aurrean babesteaz gainera, jendartearen inplikazioa sustatu nahi du aplikazioaren funtzio honek.

Azken funtzioak eta, ziurrenik erabiliena izango dena, etxera bidean senide edo lagunen batekin lagundua joatea ahalbidetzen du. Emakumeak bere mugikorreko kontaktu bat aukeratu behar du eta honek gonbidapena onartu ostean, etxerako bidea elkar komunikatuta egingo dute. Hurbileko pertsona horrek uneoro jakingo du laguntza eskatu dion pertsona non dagoen, geolokalizazioak erakutsiko baitio bere ibilbidea.

Maristak ikastetxeko informatika ziklokoek eta batxilergoko neskek parte hartu dute aplikazioaren garapenean eta Estatu espainol mailan aitzindaria dela defendatu zuten atzo aplikazioa aurkezteko Durangoko Udalean eginiko agerraldian.