Oihana Llorente NAIZ

‘Neskato bihurrientzako lotarako ipuinak’

Emakumeipuinak
‘Neskato bihurrientzako lotarako ipuinak’. Rebel Girls Facebook.

Ipuin bat irakurrita lo hartzen dugunean, ipuina ametsen mundura eramaten dugu sarri. Eta esna gaudenean, aldiz, ametsen arrastoaren atzetik ibiltzen gara maiz. Ametsen mundua eta errealitatea uztartzen den une magikoa elikatzea garrantzitsua deritzote Elena Favilli eta Francesca Cavallo italiarrek eta ‘Neskato bihurrientzako lotarako ipuinak’ liburua idatzi dute. Bertan ez dira ageri printze urdinen zain diren printzesak, ezta ehiztari ezezagunaren beharra duten neskatoak ere.

Arrakasta itzela eskuratu duen liburu honetan noizbait eta nonbait hezur-haragizkoak izan diren ehun emakume ageri dira.

Neskatoei ispilu berriak eskaintzeko ahalegina da liburua eta horretarako, benetako pertsonaiak eraman dituzte orrietara. Tartean dira Frida Kahlo margolari mexikarraren edota Serena Williams tenis jokalariaren historia, bai eta Margaret Hamilton zientzialariarena, Jill Tarter astronautarena edota Nina Simone abeslariarena adibidez.

Liburuak, bost hilabete daramatza Estatu Batuetako kaleetan eta tarte honetan 360.000 ale saldu eta 26 hizkuntzetara itzultzeko eskubideak saldu dira.

Pozarren hartu dute erantzuna Favillik eta Cavallok. Lehena, kazetaria da eta bigarrena idazle eta antzerki zuzendaria. Aspaldi dihardute berdintasunaren bidean lanean eta hor kokatzen dute Facebook-en kudeatzen dute Rebel Girls,–neska bihurriak– orria.

Era honetako ekimenak gero eta ohikoagoak dira, aurrekoan Argentinako Editorial Chirimbotek egindako bildumaren berri eman genuen.

Tamalez haur euskaldunek ezin dute oraingoz ipuin hauekin euskaraz amestu. Ea noizbait lortzen duten.