Soldata arrakala gizonezkoen eta emakumezkoen bataz-besteko soldaten arteko distantziari so egiten dion kontzeptua da eta emakumeek lan munduan pairatzen duten diskriminazioan du oinarria.
Euskal Herrian emakumezkoek gizonezkoek baino 7.500 euro gutxiago irabazten dute urtean bataz beste. Hala adierazi zuten ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE Bizkaiak eta Hiru sindikatuek martxoaren 8aren atarian egindako agerraldi batean.
Kasu gehien-gehienetan, soldata arrakalak ez du esan nahi lanpostu berean emakumeek gizonek baino soldata apalagoak jasotzen dituztela. Izan ere, generoagatik diskriminatzea legez kanpokoa da. Haatik, arrazoiak sotilagoak dira eta tartean sektore arteko segregazioa, goi karguetara ailegatzeko ezintasuna eta emakumeek bereziki sufritzen duten zaintzaren zama daude.
Estatistika, datu eta hamaika argudio aurki daitezke soldata arrakala azaltzeko eta badira ere diskriminazio hau justifikatzeko arrazoiak aurkitzen dituztenak ere. Bideo honekin, alabaina, injustiziaren oinarria agerian jarri nahi izan dute modu ezin sinpleago batean.
Bertan ageri diren neska mutilek galdegindako denbora eta ahalegin berdinagatik ez dute sari bera jaso. Zergatik? Nola bizi izan dute egoera?
Finans for Vundent sindikatu norvegiarra dago bideo honen atzean eta sarean bederen arrakasta itzela eskuratu du esperimentuak.
Umeek ez badute soldata arrakala ulertzen, zergatik ulertu eta onartu helduok? Horixe esperimentuak hausnarketarako utzitako galdera.