\n"}
Zortzigarrena Naiz

Abian da Argentinako Euskal Astea La Platan

[Diasporaren inguruko ekitaldiak NAIZ/AGENDAn]

Argentinako La Plata hirian abian da Euskal Aste Nazionala. 70. urteurrena du bertako Euskal Etxeak eta urteroko ospakizuna berezia izaten ari da. Pasa den larunbatean hasi zen eta igandea bitarte ekitaldi ugari antolatu dituzte bertako euskaldunek.

Larunbatean ekin zioten asteari euskal etxearen 70. urteurrena gogoratuz eta aurtengo euskal astea posible izan zedin lan egin dutenak omenduz. Aste osoan zehar ikusgai izango den ‘Euskaldunen Argentina’ erakusketa ireki zuten. Beste erakusketa bat ere bai, ‘Gure arropa’ izenburupean euskal erropa tradizionalen lagin zabal bat prestatu baitute.

Igandean eguraldiaren eraginez bertan behera utzi zituzten hainbat ekintza. Xake txapelketa bai, hori egin zuten eta 140 pertsona inguruk parte hartu zuen. ‘Patria vasca en Argentina: Un siglo de nacionalismo vasco’ liburua aurkeztu zuten, Magdalena Mignaburu Behrok osatu du lana eta bertan izan zen nahi zuen orori sinatzen. Igandeko egitaraua euskal etxeko abesbatzaren emanaldiarekin amaitu zen.

Egitarau zabala izango da hurrengo egunetan ere. Astelehenerako mahai ingurua antolatu dute euskal herritarren presentzia ikuspegi ezberdinetatik lantzeko eta pilota txapelketa izango da. Euskal literatura, kirol ekitaldiak, zinemaren ingurukoak eta antzerkia izango dira hurrengo egunetan. Asteburuan bilduko dituzte ekimen nagusiak, Argentina osoko delegazioak bertaratuko dira La Platara eta ehunka dantzari eta euskal etxe ezberdinetatik etorritako abesbatzen topaketak izango dira.

Euskal Astearen amaieran Itziarren Semeak taldearen emankizuna ere izango da, Argentinan baitira «Bizkaiko golfoak» biran. NAIZen bira hori jarraitzeko blog berezia abian da: