Algorta, Muskiz eta La Peñako neska mutilek osatzen dute ‘Crazy Hospital’ dantza taldea. Bisera buru gainean eta kirol zapatilak oinetan, bogan dagoen Break Dance dantzari ohikoak dirudite 25 eta 29 urte arteko gazte hauek. Espainiako Telecinco telebista katean, larunbat iluntzean, ikusi ahal izan zen ikuskizunean baina, ohikotasunetik gutxi duten trikiti eta pandero soinuek ikuskizuna irauli zuten.
‘Got Talent’ delakoaren bigarren edizioaren estreinaldian, baserritarrez jantzita oholtzan agertu ziren trikitilari eta pandero-jotzailea izan ziren erabateko protagonistak. Ordu arteko musikaren arrastoa galduta, trikiti eta panderoaren soinuari jarraituz aritu ziren hainbat dantza estiloetatik eratorri den Break Dance dantza urbanoarekin.
Zur eta lur gelditu ziren saioan epaile lanetan ibili ohi diren Jorge Javier Vázquez, Eva Hache, Risto Mejide eta Edurne abeslaria. Eta noski, bigarren atalera salto egiteko beharrezko oniritzia jaso zuten gazteek.
Telebistako pantailatik mugikor eta ordenagailuetara salto egin eta sare sozialetan bolo-bolo dabil Crazy Hospital dantza taldearen ikuskizuna.