Gurean ez dut uste halako pertzepziorik duenik xistera handiarekin jokatzen den kirolak, zesta puntak, alegia, baina nazioartean batzuri harridura sortzen die, antza. Sophie Forbes kazetariak Yahoo Travel-en argitaratu du munduko zortzi kirol zoroenen zerrenda, eta hara bertan bigarren non ageri zaigun Jai Alai (zesta puntari modu honetan deitzen diote leku askoan). Batzutan «munduko kirol azkarrena» dela esan ohi dela dio kazetariak, «pilota talde kirol konplikatua» dela dio, Euskal Herrian XIX. mendean sortu zela, «pilota txiki bat paretaren aurka kako itxurazko zumezko jaurtigailu» batekin botatzea dela xedea. Pilota jaurtitzen munduko errekorra 320 km/ordukotik gora dagoela ere badio eta horregatik «kirola oso arriskutsua izan ahal da eta ohikoa da jokalariak zauritzea, baita heriotza eragitea ere». Beno, muturrera eraman du agian, baina...
Bideoan ikusi dezakezuenez, zesta puntaz gain honakoak sartu dituzte zerrendan. Gamelu lasterketa, arabiar herrialdeetan garatutakoa eta «gaur-gaurkoz Dubaitik Australiara izan ohi dena»; futevolei, hondartzako boleibolaren eta futbolaren arteko nahasketa eta Brasilen oso arrakastatsua dena; eukonkanto, «emaztea eramatea» omen da, Finlandia sorturikoa XIX. mendearen hasieran; buzkashi, futbolaren antzekoa baina baloia hildako ahuntz bat da eta jokalariak zaldi gainean doaz, Afganistango kirol nazionala omen; kabaddi, aintzinako Indian sortu omen zen, ez dugu oso ondo ulertu zertan datzan zehazki; bo-taoshi, japoniarra da jokoa, 75na kideko taldeak dira, baten helburua makila luze bati eustea da, bestearena hura behera botatzea; yukigassen, japoniarra izatez, Kanadan eta Australian ere aritzen dira, funtsean elur bola guda erraldoi bat da.
Horiek ikusita, zesta puntak joko arrunt "normala" dirudi ba!