Zortzigarrena Naiz

Zumaia eta Zarautz, Mercedesen azken iragarkian

Publizitatea dela esango duzue askok, eta arrazoi... baina post honen gora beheran Mercedes-Benz etxeak antzeko kotxe kopurua salduko duela kontuan harturik Zumaia eta Zarautz arteko irudi ederrekin osatu duten iragarkia dakargu gaur blog honetara.

Azalpenean hala diote, gutxi gora behera, «Soiltasuna bere gorenean, errepidean Mercedes-Benz C-class batean Flyscharen bidetik, Iberiar penintsularen alderdi euskaldunean, gorabeheratsuan».

Harritu nau, onerako, bideoaren azalpenean "Spain" hitza ez dela behin ere agertzen .


Presoen herriratzearen aldeko margo bat Mercedesen iragarkian

"Basque" bai, Zarautz eta Zumaia euskal herriak direla esateko, ostatu baten argazkipean (bide batez, presoen Euskal Herriratzea eskatzen duen irudi bat tartean) euskal bizimodua «bere osotasunean» bizitzeko aukeraz mintzo denean eta noski, gastronomia aipatzean. Azken gomendio bat Mercedesen iragarkian, Euskal Herrira bidaiatzean kontuan izan beharreko aholku garrantzitsuena: «mantendu zure begiak eta bihotza zabalik».

Egiari zor, nondik zehar dabiltzan lehen aldiz azaltzean "SPAIN" jartzen du iragarkian, "ZUMARAI" jartzen duen leku berean (14"). Gerora zuzendutako akatsa, "Zumarai" horren ordez Zumaia ongi idatzita agertzen baita, eta "Spain"-ik ez da ageri berriz. Akatsak ez datoz inoiz bakarrik... ;)