Eva Parey
Rajastaneko emakume batmakume bat.
Rajastaneko emakume bat.

Rajastan: exotismoa maharajen herrialdean

Maharajen eta gerlarien herentzia eta tribu nomaden bizileku dena, Rajastan, bere kolore, goxotasun eta jende abegikorragatik nabarmentzen da. Mila eta bat gauen agertoki honetan, ura eta hondarra bikain uztartzen dira, rajputen ondare diren jauregi dotoreen atzeko oihal gisa.

Thar basamortuaren eta Aravalliko mendien artean, Erregeen Lurralde edo rajen herrialdean aurkituko dugu Indiaren alderdi exotikoena. Estatuko hiriburutik hasiko dugu bidaia, Jaipurretik, Indiako kontraste guztiak batzen dituen hiri zalapartatsutik. Nolabait, hiri honek dituen ia hiru milioi biztanleek islatzen dute herrialdearen arima, bai eta rajputen iraganaren ondare diren eraikin distiratsuek eta gorabidean den estatu bateko egoera sozioekonomikoak ere.

Hiri zaharretik kanpo paseatuz, kolore askotako ikuskizun biziarekin egingo dugu topo. Jendea etengabeko joan-etorrian dabil, ibilgailuen harat-honat kaotiko baina antolatuarekin bat eginik. Merkatariak nonahi dabiltza beren kotoi, harribitxi, koloretako oihal eta artisau gaiak antolatzen, ondoren mundu zabaleko saltokietara iritsiko direnak.

Jaipurri «hiri arrosa» ere esaten zaio –abegikortasunaren kolorea–, alde zaharra inguratzen duten harresien koloreagatik eta eraikin ikusgarrien aniztasunagatik. Jai Singh II.aren –gerlari, astronomo, arkitekto eta 11 urte bete zituenetik maharaja– leinuaren herentzia den Jaipur 1727an eraiki zuten, aurreko hiriburua, Amber, ordezkatzeko. Bertako alde zaharreko bihotzean ‘Haizeen jauregia’ nabarmentzen da, Hawa Mahal, hareharrizko bost pisuko bitxi arkitektonikoa, guztira 953 leiho erdioktogonal erdizirkular dituena.

Sawai Patrap Singh-ek, Jai Singh II.aren bilobak, eraiki zuen, jauregiko emakumeak bertan gorde eta inork ikus ez zitzan, Krishna jainkoaren koroan inspiratutako fatxadaren atzean. Hori bezain miragarria da Jan-tar Mantar behatokia ere, Jai Singh II.a rajak astronomiarekiko zuen pasioaren emaitza; bere garaian obra abangoardista izan zen eta Rajastaneko mugetatik harago iritsi zen, Delhi eta Agrako behatokiak eraikitzea ere agindu baitzen. Jaipurko kanpoaldean singh ondarearen beste harribitxi bat dago: Jan Mahal aintzirako uretako jauregia, ilunabarrean bertakoek ere galdu nahi ez dituzten bista zoragarriak eskaintzen dituena.

Gotorleku artean

Erregeen Lurraldeko bihotzean gabiltzala, Bundira iritsi gara, Jaipur hegoaldeko herri txiki batera. Erdi Aroko izaera bere horretan gorde du, eta badirudi denboran bidaian gabiltzala. Hemen erritmoa askoz ere lasaiagoa da eta bertako kalexken artean iraganeko irudiak aurki daitezke. Taragarh gotorlekua dago bertan, 1354an eraikia, baita ukitu dekadentea duen jauregi bat, mongoliarren hedapenaren herentzia. Nawal Sagar aintzira artifizialerantz zabaltzen da herrixka hau eta tenplu ugari eta baori edo ur biltegi ikusgarriak aurki daitezke han eta hemen. Kanpoaldean Sukh Mahal jauregia dago, Ruyar Kipling-en inspirazio-iturri, ‘Indiako Kim’ klasikoa idazten zuen bitartean.

Bundi Jodhpur-erako sarbidea da. Rajastaneko bi-garren hiri garrantzitsuena da berau, Thar basamorturako sarrera. «Hiri urdina» ezizenez ezaguna, 1459an fundatu zuen Rao Jodha-k, Rathore klaneko maharajak. Kolore horrek brahmanen etxeak identifikatzen zituen hasiera batean, baina gerora hiri osora zabaldu zen kolorea. Jodhpur-ek ezin konta ahala etxetxo eta azoka ditu, 120 metroko garaiera duen Mehrangah gotorleku maiestatetsuaren oinetan, gotortutako hiri zaharraren barruan.

Hasiera batean Rathore klanak eraikia, Singh klanaren ondorengoek berreraiki zuten, nahiz eta egun oraindik esaten den bere printze oinordeko bat bizi dela bertan. Bere zazpi ateen artetik Lohapol nabarmentzen da; horretan Man Singh maharajaren alarguntsen arrastoak ageri dira, sati-aren biktima izan ostekoak; satia alarguna hildako senarraren hil-sutan erretzeko tradizioa da, gaur egun desagertua.

Pushkar-en mistizismoa

Pushkar-ek, gainerakoek ez bezala, ez dauka gotorlekurik, mistizismoa soilik, Brahmari inguruotan lotolore bat erori zitzaiola kontatzen duen kondaira hinduista batetik datorkion mistizismoa. Horrexegatik da, hain zuzen, India osoko erromes hiri garrantzi-tsuenetako bat. 400 tenplutik gora ditu aintzira baten inguruan eta 52 ghat (ibaira ematen duten eskailerak dituen eremu santua) daude bertan. Horietara joaten dira erromesak eskaintza egitera, bertako ur sakratuetan otoitz eginez. Horien artean nabarmentzekoak dira Visnuren ohorezko Varah-koa, Brahma bainatu zen ghat-a eta Gandhiren errautsak zabaldu zituzten ghata. Pushkar osatzen duten tenplu piloaren artetik Brahmarena nabarmentzen da, jainko horren ohorezkoa den gutxietako bat delako.

Hemen, Varanasin bezala, aszetismoa egiten duten brahman eta sadhuak daude; horiek espiritualtasun bila doan erromesari harrera egiten diote beren otoitz eta mundu transzendentalaren ezagutzarekin. Horrexegatik da, hain zuzen, hiri hau bidaiarien eta hippyen topagune. 40 urteko Vishnu, adibidez, Pushkarretik gertu dagoen mendi bateko ashram txiki batean bizi den gizon santua da. Handik hiri osoa ikus daiteke, Savitri mendiak zedarrituta alde batetik –Brahmaren ezkontide den jainkosa bat gurtzen duen tenplu bat dagoena– eta beste aldean Gayatri Devik mugatua. Sadhu beterano hau, beste aszeta batzuen gurua dena, Pushkarren ertzean bolada luze bat eman zuen katalan baten maisu ere izan zen. Kataluniara itzuli zenean, Vishnu Bartzelonara gonbidatu zuen yogi gisa bere jakintza transmititu ahal izateko.

Egutegiak seinalatutako jaiegunetatik kanpo, gameluaren feria edo ospakizun hinduistak kasu, Pushkarren zalaparta ordenatu eta etengabea sumatzen da bazarrean, bere kale eta ghat-en artean. Erromesak joan eta etorri dabiltza eta bertako fauna –behi, tximino eta basurdeak– lasai asko dabil. Nolanahi ere, eguzkia sartzean aintzira ertzean guztia eraldatzen da aarti ospakizunerako, abestiekin, eskaintzekin eta debozioarekin.

Hiri erromantikoena

Udaipur hegoaldean kokaturiko hiri distiratsua da, Pi-chola lakuaren inguruan eraikia, jauregi eta haveli ugarirekin. Inguratzen duena hain da oparoa –Aravalli mendiek inguratzen dute–, ezen James Tod-ek –Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiako koronela– «azpikontinenteko hiririk erromantikoena» izendatu baitzuen. Hain zuzen, kondairak kontatzen duenez, Udai Singh II.a maharaja Aravelli mendietan ehizan zebilela ermitau batekin topo egin eta honek, bedeinkatu ostean, bertan hiria eraikitzeko eskatu zion.

1568an, Udai Singh II.ak bere erreinua hiri honetara lekualdatzea erabaki zuen. Ordutik, eraldatzen joan da eta turismo finari gero eta zuzenduago dago. Aitzitik, Pichola lakuaren inguruko mendietan egunsentietako erritualek bere horretan diraute, abesti, otoitz eta bainu aratzaileekin; horregatik, bada hiri santutzat duenik ere. Turbante koloretsuak, bibote luzeak, eta esku eta aurpegiak bitxiz apaindurik dituzten emakumeak nonahi ikusiko ditugu hiri honetan; izan ere, duela milaka urteko etniak bizi dira bertan; esaterako, kalbeliyak, antzinako suge-sorgintzaileak, eta bhopak, abeslari eta dantzari nomada benetan exotikoak.

Bada munduan toki bat, hots, elezaharretako Rajas-tan urruna, gerlariak eta paraje apartetan bizitako erregeak protagonista izandako herri baten iragan loriatsua mantentzen duena. Indiako ipar-mendebaldeko estatu handiena milaka urteko kultura aberats baten jabe den gizarte baten isla da. Rajastan era askotakoa da, edozein gauzatarako irekia, esploratzeko hamaika toki dituena eta bertara eginiko bidaiak aurreikusitakoa baino denbora gehiago eskatzen duena. Horri norberak izan ditzakeen esperientzia pertsonal ugariak gehituta, bertan galtzeko toki aparta da berau