Sergi Reboredo
Hiriko zubi ikusgarria.
Hiriko zubi ikusgarria.

Sydney, sofistikatu eta dinamikoa

Sofistikatua eta dinamikoa, Australiako hiriburua Ozeania osoko jendetsuena eta zabalena da. Hiri ikusgarria da, Opera House dekoratzen duten belengatik, harea zuriko hondartzengatik, bere gastronomiagatik, espazio berdeengatik eta bertako bizi-kalitate apartagatik.

Egia da egoerak ez duela ematen bidaia handietarako aukerarik, planeta osoa hartu duen pandemia dela-eta, baina egoera arruntean Australia eta bere hiriburua, Sydney, beti dira helmuga erakargarria. Osasun larrialdia kontrolpean izan eta Australiako mugak turismoari noiz berrirekiko zain gaudela, amets egin eta Sydneyko gure lehen bisitaldia prestatzen has gaitezke.

Operaren eraikina
Opera House ezaguna, da hiriko ikurra, Unescok Munduko Ondare izendatua. Bertan antzezlanak, ballet ikuskizunak, musikalak, eta jakina, munduko opera onenak taularatu dira. Bere lehen pausoak nahasiak izan ziren; izan ere, eraikitzen ari ziren bitartean arazo ugari sortu ziren; batez ere, ekonomikoak. Lan arkitektoniko faraoniko hau 1973an inauguratu zen, berau eraikitzen 14 urtetik gora eman ostean. Gaur egun, edozein ospakizunetarako topalekua da; esaterako, urte berriaren hasiera ospatzeko. Bere maskor itsatsizko sabai berezia badiako edozein txokotatik ikusten da. Ilunabarrean, argazkilari ugarik beren tripodea jartzen dute Farm Cove-n, justu operaren parean, eguzki sarreraren zain. Momentu magikoa da.

Circular Quay
Circular Quay delakoak Opera House-tik Sydney Harbour Bridge-rainoko eremua hartzen du. Oinezkoentzako pasealekua da eta hiria ibaiertzeko auzoekin lotzen duten transbordadoreen geltokiaren ondoan dago. Circular Quay-en jatetxeak eta dendak daude eta ur-taxi, portuko gurutzaontzi, autobus, tren eta taxientzako garraio zentro nagusia ere bada. Kontrako muturrean eta Opera House-tik hurbil Lorategi Botanikoa dago. 30 hektareako gune hau hiriaren birika da. Korrikalarientzako toki ezin hobea da edota zaratatik urrun piknik bat egiteko leku lasaia bilatzen dutenentzat. Sartzea doakoa da, asteko egun guztietan dago zabalik eta, noski, belarra zapaltzea baimenduta dago. Hainbat jatetxe ere badaude, Musika Kontserbatorioa eta Gobernadorearen etxea, azken hau neogotiko estiloko eraikina, 1996ra arte Estatuko gobernadoreen bizitokia izan zena.

The Rocks
Metropoliko auzo zaharrena da; galtzada-harrizko zoladun kaleak ditu eta garai koloniala oroitarazten duten txokoak. Susannah Place-n, adibidez, oraindik ere multzo kolonial bat bisitatzeko aukera dago: lau etxe elkarri atxikiak dira, adreilu eta hareharrizkoak, 1844an eraikiak eta gaur egun museo bihurtuak. 1900eko izurri bubonikoaren ostean eraikin guztiak eraitsi zituzten, eta etxebizitza hauek, mirari baten moduan, libratu egin ziren, baita Sydney Harbour-en ondoz ondoko proiekzio urbanistikoetatik. Asteburuetan The Rocks Market topagune bizia bihurtzen da.

Dozenaka artisautza denda eta askotariko jatetxeak pilatzen dira St. George kalean, toldo amaigabe baten azpian. Guztia australiar kulturaren bueltakoa da, hau baita bertako jaki tradizionalak dastatzeko toki onena; esaterako, kangurua eta krokodiloa. Inguruotan dago Arte Garaikidearen Museoa ere. Hockney, Warhol, Lichtenstein eta Christo-ren bilduma iraunkor batez gain, bertako eta atzerriko artisten aldi baterako erakusketak ere jasotzen ditu.

Sydney Harbour
The Rocks-etik, Sydney Harbour Bridge famatuak zeharkatzen du badia Sydneyko iparralderaino. 150.000 ibilgailuk zeharkatzen dute egunero zubi hori, erdialdera iristeko edo handik irteteko. 1932an inauguratu zen, eta oinezkoentzako errei bat, bizikletentzako beste bat, treneko bi bide eta autoentzako zortzi errei ditu. Bridge Climb atrakzio turistikoari esker, arkuaren punturik altuenera irits daiteke, 135 metroko altuerara. Zubia 1.400 langilek eraiki zuten, eta horietatik 16k bizitza galdu zuten eraiki bitartean. Pintatzea ez da lan erraza, 30.000 kilo pintura behar baitira geruza bakarra emateko 60 futbol-zelairen pareko espazio honi.

City Center
City center delakoa zirraragarria da; batez ere, downtown gunea. Finantza-barrutiko skyline-ak, etxe orratzez beteak, turistak zein bertakoak liluratzen ditu. Bertako kaleetan ‘Matrix’ eta halakoak filmatu dira. Esate baterako, The Metcentre merkataritza-gunea erabili zuten Metacortex-en bulegoak irudikatzeko, Neo pirata informatikoak, Keanu Reevesek interpretatuak, lan egiten zuen enpresaren bulegoak.

Wachowsky ahizpen trilogiaren beste agertoki batzuk hauek izan ziren: Martin Place-ko iturria, Colonial State Bank Centre, Westin Sydney hotela eta Market Street. Hor dago, halaber, Custom House, aduana zaharraren eraikina, James Barnet arkitektoak 1885ean diseinatua. Gaur egun, museo interesgarria eta liburutegia daude bertan. Beheko solairuan hiriaren erdialdea erakusten duen maketa bat dago ikusgai, 4,2 metro bider 9,5 metrokoa. Zapal daitekeen beirazko bloke baten azpian dago.

Sydney Tower
Dorre honek hiriaren ikuspegi onenak ditu. Lurrikarak eta urakan-haizeak jasateko gai da, diseinu futuristakoa; 1981ean amaitu zuten eraikuntza lana. Bere bederatzi solairuek 1.000 pertsona hartzeko gaitasuna dute eta jatetxe birakari bat, kafetegi bat eta behatzeko solairu bat ditu. Goiko aldean, ausartenek, kanpora atera, eta skywalk bat egin dezakete, baina segurtasunagatik telefono mugikorrak edo kamerak eramatea debekatuta dago.

Erosketak egiteko gunea
Stand Arcade merkataritza-zentroa klasea duen jendearentzat da. Duela gutxi zaharberritu dute viktoriar kutsuko gune hau, eta gourmet jatetxez eta luxuzko boutiquez beteta dago. Glamour gutxiagoko erosketak egiteko, Chinatownera jo dezakegu; made in China erako souvenir-dendaz beteta dago. Bertako kaleetan dago Paddy’s Markets, Sydneyko merkatu zahar eta ezagunena, eta, gaur egun, Market City Shopping Centre-ren parte dena. Prezio baxuko moda-dendak, asiar jatetxeak eta multizinema daude han.

Darling Harbour
Hiriko entretenimendu zentroa da. Portura begira dauden hotel, taberna eta jatetxe asko daude bertan. IMAX zinema, noria, Adiskidetasunaren Lorategi Txinatarra, Nabigazio Museoa eta Sydneyko Akuarioa ere badaude, besteak beste.

Gastronomia
Hiriko jatetxe onenetako bat Gowings Bar & Grill da, QT Hotelaren barruan. Gaur egungo diseinu garaikide abangoardista du, eta goi-mailako sukaldaritzako platerak eskaintzen ditu, Europako brasserie baten estiloan inspiratuak, hurbileko produktu freskoak erabiliz. Izan ere, QT hotelaren barruan egote hutsa kalitate-ikurra da. Diseinu abangoardistakoa, bi eraikin historikoren barruan eraikia, erreferentziazko leku cool-a bihurtu da. Vintage estiloa du bai hormetan bai dekorazioan.

Harrigarria da haren igogailua. Garraiatzen duen pertsona kopurua hautematen du eta musika horien gustuetara egokitzen du: bikoteentzako maitasun-abestiak, ezkongabeentzako melodia bakartiak eta jende multzoa dagoenean festa! Spa Q delakoan, sabaiak koloretako beiraz eginda daude, eta apain-mahaien dekorazioarekin eta gorputz-esfoliazio turkiarrarekin, Grace Kelly zarela irudituko zaizu.

Modako beste jatetxeetako bat Barzaari Chippendale da. Duela gutxi zabaldu dizkio ateak jendeari. Beste ikuspegi batetik prestaturiko benetako eta kalitatezko osagaiak erabiltzen ditu Barzaarik, Zipre, Libano, Egipto eta Siriako sukaldaritzari keinu eginez. Ekialdeko Mediterraneoko sukaldaritzan sakondu eta estilo garaikidera eramateko sortu zen, zapore tradizionalak eta eskualde horretako abegitasuna errespetatuz. Barzaari Chippendale The Old Clare Hotelaren barruan dago.

Hondartza
Eguzki eta hondartza egun batez gozatzeko, Bondi Beach kostaldeko auzo hurbilera txangoa egin dezakegu. Autoz hirigunetik 40 minutura dago. Zuzenean joan beharrean, 372 edo 373 autobusa hartu eta Coogee-n jaistea da onena. Handik ibilaldi atsegina hasten da, labarretan barna, Bondiko urre-koloreko hareazko hondartzaraino, surflarien leku maiteeneraino.