Filadelfia, AEBetako independentziarekin hitzordua
Asko dauka ikusteko eta egiteko eta, era berean, askok zerrendatik aparte uzten dute. Filadelfia New Yorketik ordu pare batera dago. Autoz zein trenez erraz hel liteke, Europatik ere hegaldi zuzenak daude, metroa dauka. Historia eta istorioak ditu. Estatu Batuetako lehen hiriburu izandakoa da.
1800 arte izan zen Filadelfia herrialdeko hiriburua, AEBek Erresuma Batutik independentzia lortu eta lehen urteetan. Garai kolonialean ere britainiarren mendeko hamahiru kolonien bilgunea izan zen. Eta gerora oso rol garrantzitsua jokatu du hurrengo bi mendeetan ere. Gune historiko bildu batean laburbiltzen da Filadelfiaren garrantzia, gutxi asko Delaware ibaitik igotzen diren lehen kaleetan. Lasai asko eman liteke egun oso bat bertako txokoak ezagutzen.
Edozelan ere, hiria askoz zabalagoa da; mendebalderantz batez ere, udaletxea eta Arte Museo ezaguneraino, geratzeko lekuak etengabeak dira. Ipar eta hegoalderantz, berriz, kilometro askotan hedatzen da Filadelfia, ibaiaren luzeran Delaware estatuko mugaraino doa. Joe Biden AEBetako presidentea, esaterako, oso lotuta dago hiri honekin, hamarkada luzez Delawareko senataria izan zen arren. Wilmington hiriaren gune industriala eta portua, nolabait, Filadelfiaren luzapen gisa har liteke.
HISTORIAREKIN TOPO
Ez da harritzekoa, beraz, Filadelfia bisitatzen dutenen lehen jomuga herrialdearen sorrerarekin lotura duten gune historikoak izatea. Batetik, elkarren ondoan daudelako, eta bestetik, autobidea utzi eta iristen garen lehen lekua delako, ibaiaren ondo-ondoan (Delaware ertzeko ibilbidea ere ondo atsegina da). Independentziaren parke nazional historikoan daude, besteak beste, independentzia agiria sinatu zen Independence Hall eta haren aldameneko Liberty Bell, independentziaren kanpaia gordetzen den gunea. Doakoa da, eta ilarak egon ohi dira sartzeko. Baina, behin Filadelfian egonda, zelan joan kanpaia ikusi barik?
Norbere denboraren arabera, Estatu Batuetako independentziaren garai iraultzaileko beste txoko asko bisitatu litezke metro gutxiko ibilbidean. Gaiaz interesa daukanarentzat hurrengo geltokia Museum of the American Revolution, Estatu Batuetako Iraultzaren museoa da, Independence Hall-en ondoan. Inguru honetako bisita leku gehienak dohainik diren arren, museoa ordaindu beharreko lekuetako bat da.
Hiri zaharreko kaleetan ibilita, herrialde honen historiako une garrantzitsuekin topo egingo dugu etengabe. Postal askotan ageri den kantoi estua Elfreth’s Alley da, eta Estatu Batuetako kale erresidentzial zaharrena izatearen fama dauka. Kale estua eta laburra da. Mapetan zein ibilian ere ez da aurkitzeko errazena. Bertaratutakoan berehala igarriko diogu, galtzada harriak, banderak, fatxada dotoreak eta turistak. Kale bizia da, horratik, egun ere bizilagunak dituzte etxe historiko hauek.
Berriz ere Independentziaren zabalgunera bidean, Betsy Ross-en etxeak berehala atentzioa ematen du, kanpotik ageri baitu izardun bandera zuri-gorri handia. Hirian sarritan ikusi ohi den legez, biribilean bildutako hamahiru izar dira, britainiarrengandik askatu ziren lehen hamahiru koloniak ordezkatuz. Betsy Ross izan zen lehen bandera haren jostuna. Aurreraxeago Benjamin Franklinen hilobia dago; “lehen estatubatuar gisa” ezagutu ohi da, koloniak batzeko egindako lanarengatik, bai etxean, baita diplomatiko gisa ere.
ARTEA, LITERATURA, ZINEMA
Hiri zaharra utzita, Franklin Squarek Chinatown-ekin topo egiten du, parkean bertan ageri diren artelan eta sinbolo asiarretan nabari den legez. Aurrerago literaturazaleon txoko berezi bat dago, bidetik pixka bat urrunduta. Edgar Allan Poe idazlearen etxea da. 1838tik 1844ra Filadelfian bizi izan zen Poe, eta azken urteetako etxea da hau. Atzeko belardian dagoen bele beltzak haren istorioen pistaren bat emango digu.
Hiriko erdigunera itzulita, Filadelfiako Udaletxeak ezinbestean atentzioa ematen du bere neurriagatik. Masoien bilgunea izateko eraiki zuten, eta masoneriako eraikin handiena izan zen XX. mende hasieran. Egun ere, Estatu Batuetako udaletxerik handiena da. Arkupeetatik sartuta erdiko plazatxoan dago bisitarien gunea.
Udaletxearen aldamenean JFK plaza dago, herritarren artean Love edo Maitasunaren plaza izena eman ohi bazaio ere. Ezin ahaztu, Filadelfiak haurridetasunezko maitasun esan nahi duela, eta zenbait sektore kontserbadorek hiria gaitzetsi ohi duten arren, luzaroan izan da hiri zabal eta progresista. HIESari eta homosexualitateari buruzko 1993ko film ezagunak ere “Philadelphia” zuen izenburua; Denzel Washington eta Tom Hanks zituen protagonista, eta Bruce Springsteenek egindako “Streets of Philadelphia” ereserki moduko bat egun ere. Bai musikariak bai Hanksek Oscar saria irabazi zuten film honekin.
Udaletxea eta Love plazaren artean Benjamin Franklin Parkway etorbide dotorea dator. Parisko Zelai Eliseoetan inspiratuta diseinatu zuten, udaletxearen eta Arte Museoaren artean. Une batez bide honetatik urruntzea erabaki dugu, ordea. Hiriko erdigunean bospasei bloke hegoalderantz hartuta, Magic Gardens arte gune ikusgarria dago, Isaiah Zagar artistaren mosaikoekin. Eraikinera sartzeko sarrerak zenbait egun aurretiaz hartzea komeni da; berandu ibilita ere, alabaina, merezi du auzunea bisitatzea. Gunearen kanpoaldean eta South Street eta inguruko kale guztian sakabanatuta daude artelanak, izan ere, fatxada ezin eder eta bereziagoak eratuz.
BENJAMIN FRANKLIN PARKWAY
Gure ibilbidean atzera eginda, Benjamin Franklin Parkway etorbideari heldu diogu berriz ere, Arte Museora bidean Logan Circle biribilguneari jarraituta. Kilometro eta erdi inguruko bulebarra da, etorbidean zehar eskultura artistikoak daude. Nor non dagoen jakitea ere komeni da, eta bertan aurkituko ditugu hiriko tokirik ezagunenetako hainbat, hala nola Hiriko Liburutegia (Free Library), Franklin Institutua, Benjamin Franklinen monumentua, Natur Zientzien Akademia, Barnes fundazioa eta Rodin Museoa. Artezaleek egunak eman ditzakete kalean gora eta behera, museo bakoitzeko pinturez txunditzen. Artista espresionisten bilduma garrantzisuenetakoa dauka Barnes Fundazioak, eta Arte Museoan, besteak beste, Van Goghen “Eguzki Loreak” ikusgai daude.
Baina museoraino datozen guztiak ez dira artezaleak, onar dezagun. Bestela ere, ikusteko eta egiteko asko dauka hiriko alde honek. Museoara hurbiltzeaz bat, eskaileretan gora eta behera dabiltzan turistek honaino erromesaldian etortzeko beste motibazioa azaltzen dute. Batzuek eskuak gora jaso, beste batzuek entrenamendu itxura egin… “Rocky” filmaren eszena ezagunenetako baten kokalekua dira, izan ere, “Philly-ko” Arte Museoko eskailerak. Goian, Rocky idatzita zoruan, Sylvester Stallonek besoak jaso zituenetako leku zehatza markatuta dago. Bidenabar, hortik goitik ageri den ikuspegia itzela da benetan. Eskaileren behealdean, ilara luze batek aktorearen eskulturarekin argazkiak egin nahi dutenak adieraziko dizkigu.
Paseo atseginen bila dabilenak Fairmount Parkeraino joan behar du, Parkway-ren iparraldeko muturrean. Eta udaberriko egun argi eta eguzkitsu batean ez dago Kelly Drive edo Schuylkill River Trail ibaiertzeko ibilbidea baino leku hoberik.