GARA
BILBO

Bilboko gazteentzako Zientzia Azokan 65 taldek hartuko dute parte

Ikastetxeetan ikertzaile profesionalekin batera landutako proiektu zientifiko eta teknologikoak aurkeztuko dituzte larunbatean Plaza Barrian. Bertan, esperimentuak egiteko txokoa ere izango da. Azoka honek gazteen artean zientzia zaletasuna sustatzeko balio du.

12 eta 18 urte bitarteko ikaslez osatutako 65 taldek parte hartuko dute larunbat honetan Bilbon ospatuko den Zientzia Azokaren hirugarren edizioan. Honen helburua zientziarekiko gazteen interesa piztea da eta horretarako euren proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte.

Bilboko Udaleko Hezkuntza Saileko zinegotzi laguntzailea den Jone Unzuetaren hitzetan, «honelako ekitaldiei esker gazteen izaera kritiko eta zientifikoa lantzen da». Era berean, iazko ikerlari saritua izan zen Beñat Insunza zoriondu zuen eta adierazi zuen harrituta dagoela Batxilergoan egonda, kirolarien lotailu-hausturak saihesteko mikrotxip bat diseinatzeko gai izan delako.

Bestalde, Lakuako gobernuko Hezkuntza Berrikuntza zuzendaria den Begoña Garamendik gazteek egiten duten esfortzua eta inplikazioa nabarmendu zituen. Berak esandakoaren arabera, Lakuak ikaslea «hezkuntza prozesuaren parte» den metodologia bat sustatu nahi du.

Profesionalen laguntza

18 urte dituen Beñat Insunzak aipatu zuen Gaizka Olabarriarekin batera garatu duen proiektua aurrera eramateko mediku eta fisioterapeutekin ari direla elkarlanean. Euren teoriaren arabera, belauneko lotailuen tentsioa neurtu behar da lehenik. Tentsio hori gainditzen denean deskarga elektriko bat eman behar zaio belaunari bere jatorrizko lekura itzul dadin.

Insunza, pasa den Zientzia Azokako edizioan parte hartu ostean Kataluniako XVI. Exporecerca Jove azokan parte hartzeko hautatua izan zen, eta bertan hiru sari eskuratu zituen. Horrez gain, proiektua datorren urrian aurkezteko aukera izango du.

Elhuyar da azoka honen sustatzaile nagusietako bat, Bilboko Udalarekin batera. Elkarte horretako zuzendari nagusia ere, Leire Cancio, azokaren aurkezpenean izan zen. Honek gazteen eta ikerkuntza eragileen artean komunikazio bideak sortzearen garrantzia nabarmendu zuen. Ikasleek ikasturtean zehar lantzen dituzte proiektu zientifiko edo teknologikoak eta ondoren azokan aurkezten dituzte.

Aurten parte hartuko duten taldeek ikertzaile profesionalen laguntza izan dute. Horiek Euskal Herriko entitate nagusietako langileak dira (EHU, UPNA, Deustu eta Mondragon Unibertsitatekoak, eta Tecnalia, IK4 eta BTEK korporazio teknologikokoak).

Zientzia Azoka Plaza Barrian kokatuko dute, eta lau gune nabarmenduko dira bertan. Alde batetik, arkupeetan taldeen proiektuak aurkeztuko dira. Beste txoko batean, esperimentuak egin ahal izango dira. Beste batean, norberak bere kasa saiakerak egin ahal izango ditu. Eta azkenik, agertokian sariak banatuko dituzte.