Maider IANTZI
ARRASATE

Eginez ikasteari buruzko kongresu handia, Mondragon Unibertsitatean

Mondragon Unibertsitateko Polo Garaira egindako bisita azkar bat nahikoa da hezkuntza eredu klasikoa hankaz gora jarrita ikusteko (zentzu positiboan). Ohiko irakaskuntzan lehenengo teoria ematen bada, gero ariketak eta azkenik problemak, hemen alderantziz egiten da: arazotik abiatzen da eta teoria ez da ematen baizik eta identifikatu egiten da soluzioa eraikitzeko.

Mondragon Unibertsitatea aitzindaria da Arazoetan eta Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (PBL) aplikatzen. Hortik ingeniaritzako mundu mailako kongresua egiteko aukeratu izana. Unibertsitatea sortu berritan, 1999an hasi ziren ikasteko modu hori diseinatzen eta 2002an lehendabiziko esperientzia abiatu zuten Elektronikan. Geroztik zabaltzen joan da titulazio, maila eta fakultate guztietara eta zigilu edo marka gisakoa da orain.

Baina zertan datza, zehazki? Horixe izan da Nestor Arana ikertzaile, irakasle eta biltzarraren arduradunari luzatu diogun aurreneko galdera, Polo Garaian, laborategietan era autonomoan lanean ari diren ikasleen artean elkartu garenean. Eta abiapuntu horretatik, adibidez adibide, erraten duenean benetan sinesten duenaren pasioz eraman gaitu metodo honen esperientziak eta erronkak ezagutzera, uztailean, Donostialdeko Orona Ideo campusean eginen den biltzarrera iritsi arte.

Maila guztietan aplika daiteke; errate baterako, Lehen Hezkuntzan, honako problema jar dezakegu: zer jaten dugu? Fitxa bat betez, zenbat kaloria dituen, nondik datorren, zergatik datorren hortik... landu dezakegu eta gero ingelesez idatzi. Hala, hizkuntza, geografia, elikadura... uztartuko ditugu.

Irakaslerik gabeko gelak

Ingeniaritza arlora salto eginez, adibidez, aireportuetan robotak egoten dira maletak eramateko. Zergatik ez zer den motorra eta zer bateria ikasi beharrean lehenbizi aireportuko garraio sistema aztertu? Aranak azaldu bezala, arazo bati erantzuteko tresna teknologikoak sortzea, hori da ingeniarien lana. Arazoetan oinarrituta eta proiektuetan antolatuta egiten dute. Ikasle talde bat sortzen da, bere arazoekin: lidergoa, koordinazioa, komunikazioa... eta teknologiaz gain, zeharkako gauza ugari ikasten da.

Bildu garen eraikinean ikusten den bezala, azpiegituretan ere inpaktua du ikasteko era honek. Hainbat gela dago, laborategiak eta bilera gelak, eta horietan ez dago irakaslerik. Hauek bi rol betetzen dituzte, alde batetik gaian adituak dira eta bertzetik prozesua bideratu edo tutore funtzioa betetzen dute.

Niko robota maneiatzen

Laborategi bateko atea zabaldu eta ezustean harrapatu dugu Niko ikaslea, beso baten formako robot bat gidatzen, robotikaz gehiegi jakin gabe. Badu autonomia eta lana aurrera aterako du; jakina, laguntza beharko du eta prozesua luzea izanen da.

Robotak kamera bat du haur baten bihotza irudikatzen duen figura bat enfokatzeko, gazteak agertu duenez, beti aurretik. Bihotzak izan ditzakeen arazoak detektatzen ditu. Aljebra, robotika, medikuntza... elkartzen dira proiektu berean eta ikaslea egin ahala doa ikasten eta deskubritzen, baita motibatzen ere, korapilatutako soka bat eskuetan hartu eta askatzean bezala.

Arazoak teoriari trakzioa egin eta esanahia ematen dio. Ikasleak lehen egunetik janzten du ingeniariaren txapela. Aplikatu, neurtu eta teoriak funtzionatzen duen ala ez begiratzen du, malgutasunez, arloak nahasiz.

Ebaluatzerakoan, gaitasunak garrantzi handiagoa hartzen du edukiek baino eta horrek zailtasunak dakarzkie irakasleei, ez daudelako ohituta.

Aranak gaineratu duenez, orain arte erronka unibertsitatea eta enpresa lotzea bazen –eta horretan Arrasatek badu zer kontatu–, bertze elementu bat sartu behar da egun: jendartea. Aparatuak era jasangarrian egitea eskatzen du honek.

Kongresuak, bertze gauza aunitzen artean, balioko du «baina hau non aplikatzen da?» galdetzen duen irakasleak ez dagoela bakarrik ikusteko. Interes bat dagoela eta oinarri zientifikoak dituela jakiteko. Batu eta aurrera egiteko. Transformatzeko. Euskararekin bezala, arnasgune bat sortzeko.