UEU
Interview
Joseba Makazaga eta Amaia Arroyo

«Bideoak aisialdirako baliagarriak badira, ikasteko ere bai»

Azalpenak emateko irakaskuntzan ere ohikoa da bideoak erabiltzea. Horretarako tresnak denon eskura daude, edonork egin lezake, baina badira kalitatezko bideoak egiteko oinarrizko arau eta irizpideak. Horien berri emango dute Joseba Makazaga eta Amaia Arroyok UEUko Udako ikastaroen barruan. Gainera, bideoak egiteko software libreak eskaintzen dituen aukerak baliatuko dituzte.

Joseba Makazaga eta Amaia Arroyo.
Joseba Makazaga eta Amaia Arroyo.

Ikus entzunezkoek gero eta indar handiagoa dute baita hezkuntzan ere.

Joseba: Bai, batez ere gazteengan! Bideoetara jotzeko ikaragarrizko joera daukate eta asko hedatu da ohitura hori. Badirudi idatzizko testuek ez dutela erakarpen indarrik, nahikorik ez behintzat.

Amaia: Bai, hala da. Hezkuntza komunikazio-egoera dela ulertu behar dugu eta, hala ulertuz gero, komunikatzeko erabiltzen ditugun euskarriek hezkuntzan beren lekua dutela ohartuko gara. Gazteek, eta ez hain gazteek, ikus-entzunekoetara jotzen dute aisialdian. Hezkuntzan lanean ari garenok ezin dugu horren aurrean ez ikusiarena egin. Aisialdirako baliagarriak badira, ikasteko ere erabilgarriak dira, zalantzarik gabe.

Irakaskuntzan software librearen erabilera areagotzen al doa?

Joseba: Hala beharko luke, baina ez dakit hala ote den. Eskoletan zerbitzu teknikoa ematen dutenek (hezkuntza saila, teknikariak…) instalatzen dituzte aplikazioak, eta horiek beraiek ohituta daudena besterik ez dute egiten, berentzat errazena hori baita. Ez dira jartzen pentsatzen ea zer den egokiena, hori egingo balute aldaketa segurua litzateke.

Amaia: Ez dut uste hala denik. Filosofia aldetik egokiena baldin bada ere, irakasle gehienak ordainpeko software-era ohituta daude eta erraztasunari ematen diogu lehentasuna. Beraz, softwarea aukeratzeko orduan, ohituretara jotzen dugu.

Formazio beharrizan berriak sortu dira?

Joseba: Ez dut uste. Formazio beharra beti egon da eta beti egongo da. Formatzeko erak aldatu dira, eta batez ere formatzaileak aldatu dira. Gaur egun formazioaren monopolioa bera ere zalantzan jar dezaketen plataformak daude. Goi mailako hezkuntza eskaintzen duten ikastaroak, titulu ofizialik eman ez arren, enpresetan baliozkotzat hartzen direnak; eta horietako ikastaro asko Mooc edota On-line motakoak dira…

Amaia: Nire ustez, formazio berriak sortu dira jakintza berriak sortu direlako. Memento zoragarri batean bizi gara, jakintza sortzea errazten duen gizartean: ikastaroak (ordainpekoak edo askeak), literatura, profesional eta adituekin kontaktua egiteko aukera… Teknologiak formatzeko aukerak zabaldu ditu eta teknologia ondo baliatzen ikasteko formazioa oinarrizkoa da. Beraz, formazio beharrizan berri bat azpimarratu beharko banu, gaitasun digitala garatzeko formazioa izango litzateke.

Zerk bultzatu zaituzte ikastaroa antolatzera?

Joseba: Engainatu egin ninduten…  Informatika Fakultatean On-Line eskaintzen den Master batean aritzen gara eta bideo asko sortu behar izan ditugu. Esperientzia hori partekatzeko eskatu zidaten.

Amaia: UEUrekin beste ikastaro batzuk eman izan ditut, guztiak IKTen aplikazio pedagogikoaren inguruan (web 2.0 tresnak eta PLEa). Hezkuntzarako bideogintzarako gidalerro batzuk proposatzea eskatu zidaten eta aukera paregabea iruditu zitzaidan.

Zeintzuk dira ikastaro honen helburuak?

Joseba: Oinarrizko tresnekin, guztion eskura dauden tresnekin, kalitatez onargarriak diren bideoak sortzea posible dela erakustea izan daiteke bat. Baina horrez gain, bideoak sortzeko dauden aukera anitzen artean guri errazena eta erabilgarriena iruditu zaiguna besteei azaltzea ere bada helburua. Bestalde, kontuan hartu beharreko oinarrizko arauak ere azalduko ditugu…

Amaia: Hezkuntzarako kalitatezko bideoak egiten ikastea da helburu orokorra eta, horretarako, oinarrizko tresnak erabiltzea. Nire aldetik, helburu zehatzen bat nabarmentzearren, bideo horiek egiteko irizpideak lantzea litzateke. Gainera, parte-hartzaile bakoitzak bere bideoa egin eta baloratuko du, hurrengo sormen-lanetarako eskarmentua gara dezan.

Zeintzuk dira aipatutako oinarrizko arau eta irizpideak?

Amaia: Egin dugun saioan batez ere lau arlo landu nahi izan ditugu: arlo teknikoa, didaktikoa, pedagogikoa eta estetikoa. Eta bakoitzean bizpahiru irizpide edo gidalerro ematea bideoak ganoraz egiten ikasteko. Iraupena zaintzea, gidoia ondo idaztea, azalpenen argitasuna nabarmentzea, teoria eta praktikaren arteko konbinazioari garrantzia ematea, jakin-mina sustatzearen garrantzia, helburua pedagogikoa dela ez ahaztea; eta arlo estetikoari dagokionez, irudiak erabiltzerako orduan irudiak edukiarekin lotuta egotea zein garrantzi daukan. Youtubeko kanal bat egiten badugu hezkuntza bideoekin, gure estiloa zaintzea. Modu berean hastea, bukatzea. Irizpide sinpleak dira, baina horrek bermatzen du gure bideo horiek egokiak izatea.