Gotzon ARANBURU
Interview
Jose Luis Etxezarreta
Lemniskata zientzia elkarteko kidea

«Herritarrak egunerokoan zientziaz inguratuta bizi direla jabetzeak garrantzi handia du»

Zientziak herritarron eguneroko bizitzan duen garrantzia azpimarratu du Jose Luis Etxezarreta irakasle beasaindarrak, ikerlari gazteen lana ikusiarazi nahi duela Lemniskata elkarteak Goierrin, eta euskarak merezi adina presentzia ez daukala zientzia programazioa osatzekoan.

Pedro Miguel Etxenikek esan du Bilbon zientzia ez dela askotan ondo komunikatzen, hor dagoela herritarrek urruneko zerbait bezala ikustearen arrazoia.
Bat nator berarekin, zalantzarik gabe. Erantsiko nuke, baita ere, herritarrak egunerokoan zientziaz inguratuta bizi direla jabetzeak zenbaterainoko garrantzia duen.

Lemniskatak, nahi adina diru izango balu, zer egingo luke Goierrin zientzia bultzatzeko?
Askotan ez da ekonomia arazorik larriena. Lemniskataren kasuan, kudeaketa eta antolaketa lanetan jende gehiago beharko genuke aurrerapausuak eman ahal izateko, boluntarioak gainera, ez baitzaigu profesionalizazioa burutik pasa ere egin. Nahi adina laguntzaile izango bagenitu, ez ginateke jendearen zain egongo, hurbildu egingo ginateke kalera, elkarteetara, eskoletara… zabalduz.

Teknologiak ematen dituen aukerekin, zer beste bide eta tresna izango lirateke egokiak ezagutza zientifikoak herritarrei helarazteko?
Egia esan, egun nahiko tresna erabiltzen dira zeregin honetan: sare sozialak, streaming emisioak, hainbat argitalpen digital (Elhuyar, Zientzia Kaiera), irrati programa (Norteko Ferrokarrila, La mecánica del caracol, Amarauna…), telebista (Teknopolis, Orbita Laika…). Eta egunkari eta aldizkarietan ere, gero eta presentzia handiagoa dago

Euskarak zer paper jokatzen du zientzian? Tesi batzuk aurkezten dira, Elhuyar hor dago…
Gero eta handiagoa, baina aitortu beharrean gaude Lemniskatako programazioa egiterakoan zailtasunak izaten ditugula euskarak merezi duen presentzia bermatzeko.

Gure herrietan badira zientzialariak –ikerlariak, unibertsitateko irakasleak…– oso maila altukoak baina inork gutxik ezagutzen dituenak. Kirolariak, berriz, mundu guztiak…
Lemniskatak bere sorreratik egin du ikerlari zein ekintzaile gazteen lana gizarteratzearen aldeko apustua; honela, urtero bertako lau gaztek dute herritarrei beren ikerketa eta lanen aurkezpena egiteko aukera.

Jocelyn Bell Burnellek esan du bera ikasten hasi zenean irakasleek baztertu egin zutela, zientziak ikasi nahi zituelako. Gaur egun berdin egiten dira zientzialari neskak eta mutilak?
Honetan ere berdintasuneruntz goazelakoan nago, geroz eta gehiago dira zientziaren aldeko hautua egiten duten neskak.